Itxi

Politika

Dokumentazioa

Kronologia: Sorturen legeztatzea

G. Palacios

Erredakzioa

Alderdi berria aurkeztu eta hilabete gutxira, 2011n, Auzitegi Gorenak debekatu egin zuen.

01:41
Sortu, pausoz pauso

2011ko otsailak 7. Ezker abertzaleak Sorturen estatutuak aurkezteko ekitaldia egin zuen Euskalduna Jauregian. Alderdi berriak indarkeriaren erabilera eta mehatxuak errefusatzen ditu, "ETArena barne". Bide politikoak eta baketsuak soilik erabiltzeko apustua egin zuen eta indarkeria erabiltzea ez duela justifikatzen, ezta babesten ere, azpimarratu zuen.

2011ko martxoak 22. Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak uste dute Sortu Batasunaren ondorengoa dela eta alderdi berriak ETAren oniritzia daukala.

2011ko martxoak 22. Iñigo Iruin ezker abertzaleko abokatuak nabarmendu zuen "atzera bueltarik ez" zegoela eta indarkeria errefusatzeko erabakia "irmoa" dela. Era berean, Iruinek azaldu du alderdi berrian Batasuneko kide ohiak badaude, indarkeria errefusatzea oinarri duen proiektu berria "onartu eta babesten dutelako da".

2011ko martxoak 23. Auzitegi Gorenak Sortu Barne Ministerioan alderdi politiko bezala erregistratzea galarazi zuen. Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak aurkeztutako salaketak onartu zituen eta Sortuk Batasuna ordezkatzen duela argudiatu zuen.

2011ko martxoak 25. Bestalde, Sorturen aurkako debekuak Espainiako Justizia bi zatitan banatzea ekarri zuen: bederatzi magistratuk bozkatu zuten Sortu debekatzearen alde eta zazpik aurka. Azken hamarkadan izan diren legez kanporatzen prozesuetan inoiz ez da horrelako ezberdintasunik egon epaileen artean.

2011ko martxoak 31. Auzitegi Gorenaren ebazpena komunikabideetara zabaltzen da, aldeei ezer jakinarazi aurretik. Alderdi politiko berria sortzeko proiektuaren atzean ETA dagoela dio Gorenak: "ETAk prestatu, bultzatu eta kudeatu du alderdi politiko berria sortzeko Batasunaren estrategia, baita aurkezteko modua eta indarkeria errefusatzearena ere bai", dio ebazpenean.

2011ko apirilak 1. Sorturen kontrako epaiaren edukiak ezagutarazi zituzten. Auzitegi Gorenak dio alderdi berriak "demokraziarentzat mehatxua" dela, "ETAren estrategia baten ondorio" dela eta legez kanporatutako Batasunaren lekua hartu nahi duela.

2011ko apirilak 1. Sortu erregistratzearen alde bozkatu zuten epaileek sinesgarritzat jo zuten alderdi berriak ETArengandik urruntzeko egindako hautua eta "legez kanporatze prebentiboak" egitea zilegia ez dela azpimarratu zuten.

2011ko apirilak 2. Manifestazio jendetsu batek Sortu legeztatzea eskatu zuen Bilboko kaleetan. Martxan ordezkari politiko, sindikal, kultural eta sozial ugari izan ziren.

2011ko maiatzak 18. Sorturen defentsak Auzitegi Konstituzionalera jo zuen. Helegitean gogora ekartzen du Gorenak egindako "legez kanporatze prebentiboa" Konstituzionalak berak atzera bota zuela Bilduren inguruan eman zuen epaian.

2011ko irailak 19. Estatuko Abokatuak bere argudioak aurkeztu zituen Auzitegi Konstituzionalean: "ETA betirako desagertzen ez den bitartean, ezker abertzaleak ezingo du politikan jardun, ETArengandik bereizi gabe edo haren desegitea eskatu gabe".

2011ko irailak 21. Fiskaltzak Auzitegi Konstituzionalari Sorturen aurkako debekua berrestea eskatu zion, "alderdi horren legeztatzeak Estatu demokratikoa arriskuan jartzen duelako".

2012ko maiatzak 22. Auzitegi Konstituzionala Sortu legeztatu ala ez aztertzen hasi da. Erabakia aste honetan bertan hartuko duela espero da.

2012ko ekainak 20.Auzitegi Konstituzionalak legeztatu egin du Sortu.