15:09

Politika

Aiete, hamargarren urteurrena

EAJ, EH Bildu, PSE-EE, E-Podemos eta Geroa Bai Foro Sozialaren jardunaldietan izango dira

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Foro Sozialak adierazi duenez, helburua "Aieteko espiritua berreskuratzea da, euskal bake prozesuaren irakaspenak balioesteko, bakearen eraikitze prozesuari dagozkion oztopoak eta aukerak aztertzeko eta gatazkak konpontzeko erronka globalez hausnartzeko".

  • ''Aiete 10 urte. Irakaspenak eta Erronkak'' nazioarteko jardunaldien aurkezpena

    "Aiete 10 urte. Irakaspenak eta Erronkak" nazioarteko jardunaldien aurkezpena. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Geroa Bai eta sindikatuak "Aiete 10 urte. Irakaspenak eta Erronkak" nazioarteko jardunaldietan izango dira ostegun eta ostiral honetan Donostian. Jardunaldiak Foro Sozialak, Conciliation Resources eta Berghof fundazioek eta Bake Bideak antolatu dituzte.

Ohar batean, Foro Sozialak adierazi du "pozik" dagoela "Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urtemuga honek hartu duen zentraltasunagatik eta aniztasunagatik", eta, bere ustez, "argi eta garbi erakusten du gai honek agenda politiko eta mediatikoan duen garrantzia".

"Zentraltasuna, Foro Sozialaz gain, eragile ugari ari direlako ekitaldiak antolatzen, bakoitza bere kontakizun legitimotik eta pluraltasunetik, topaketak irauten duen hiru egunetan Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan konponbiderako agenda baten alde diharduten eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak egongo direlako", nabarmendu dute.

"gutxitan lortzen da horrelako argazki anitza", eta "hori lortzeko lan handia egin dute testuinguru bereziki zailean".

Foro Sozialak adierazi duenez, helburua "Aieteko espiritua berreskuratzea da, duela hamar urte hain aktore ezberdinak norabide berean arraunean bildu zituena". Ildo horretan, ostegun arratsaldean Aieteko Jauregian izango diren "nazioarteko pertsona ospetsuen" zerrenda nabarmendu du, hala nola Martin Griffiths, Jonathan Powell, Brian Currin, Teresa Whitfield, Sergio Jaramillo, John Carlin, Stephen Gethins, Andy Carl eta Alberto Spektorowski.

Erakundeen ordezkaritza Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Agustin Erkizia Gipuzkoako Euskal Herriko Unibertsitateko Campuseko errektoreordeak osatuko dute.

Gainera, EAJko ordezkariak izango dira; Arnaldo Otegi eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu); Jesus Egiguren eta Arritxu Marañon (PSE-EE); Pilar Garrido eta Arantza Gonzalez (Elkarrekin Podemos); Juana Garcia eta Mikel Armendariz (Geroa Bai). Nafarroako Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren kasuan ere baieztapenen zain daude.

Sindikatuen izenean Garbiñe Aranburu (LAB), Xabier Anza (ELA), Jose Mari Garcia (CCOO), Raul Arza (UGT), Michel Larralde (CFDT), Iratxe Alvarez (ESK) eta Ariane Alberdi (Steilas) izango dira.

Biktimen aldetik, Egiari Zor Fundazioa eta Robert Manrique, Hipercorreko biktima, egongo dira. Giza Eskubideen Foroa, Euskararen Kontseilua, Sare, Etxerat, Baketik, Hitz & Hitz Fundazioa, Herri Eliza, Bilgune Feminista eta Bakea Duintasunez bezalako gizarte-erakundeetako ordezkariek ere parte hartzeko asmoa dute.

Donostiako jardunaldien egitaraua

Jardunaldiak urriaren 14an, osteguna, hasiko dira, Aieten, 16:30ean, Martin Griffith Giza Gaietarako idazkariorde nagusi eta Nazio Batuen Larrialdi Sorospenaren koordinatzailearen eskutik, 'Covid 19 osteko aroan bakea lortzeko erronkak' izena izango duen hitzaldi batekin.

17:30ean, 'Bake prozesuen garapena azken hamar urteetan' izeneko mahai-ingurua izango da. Jonathan Powell Interer/Mediate zentroaren sortzaile eta zuzendariak, Brian Currin abokatu eta bitartekariak, Teresa Whitfield NBEko DPPAko Politika eta Bitartekaritza Dibisioko zuzendariak eta Sergio Jaramillo Kolonbiako Bakerako goi komisario ohiak parte hartuko dute.

Ostiralean, 10:00etan hasiko da jardunaldia Donostiako Kursaalean, 'Euskal bake prozesuaren irakaskuntzak' mahai-inguruarekin. Bertan, Andy Carl bitartekaria, Veronique Dudouet Gatazkak Konpontzeko doktorea eta Lokarriko koordinatzaile ohia eta Paul Rios Aieteko Konferentziaren antolatzaileetako bat izango dira.

Ondoren, 11:30ean, Kursaalean 'Euskal Bake prozesuaren erronkak' aztertuko dituzte Brian Currin, GALen biktima Carmen Galdeano eta Agus Hernanekin. 18:00etan, 'Gatazken eraldaketa demokratikoa' mahai-ingurua egingo dute Juan Jose Ibarretxek, Quinn Torrak, Gure Esku Dago plataformako Amalur Alvarezek eta Jordi Cuixar Omnium Culturaleko presidenteak.

Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak azaldu duenez, ostegun honetan Donostian egingo diren jardunaldien berri eman ostean, laster Baionan izango denaren xehetasunak emango dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena