Politika
Elkarrizketa
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Ahal Duguren koordinatzaile nagusiak azaldu du oraindik ez dutela Hezkuntza Sailaren deirik jaso "hain garrantzitsua den" Hezkuntza legea negoziatzeko.
Garrido, Radio Euskadiri eskainitako aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media
Pilar Garrido Ahal Duguren koordinatzaile nagusiak nabarmendu duenez, hezkuntza legea erreformatzeko orduan itunpeko sarea "erantzukide" egingo duen sistema baten alde egingo dute, orain eskola publikoa delako "esfortzu guztia" egiten ari dena, ikasle zaurgarrienak artatzeko, besteak beste. "Itunpekoekin amaitu behar da? Ez, eta azalpena emango dut. Eskola horiek funtsak jasotzen badituzte, erantzukideak izan behar dira eta segregazioarekin amaitzeko lan egin behar dute", argudiatu du.
Unidas Podemosen diputatua ere badenak Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan deitoratu egin du oraindik ez dutela jaso Eusko Jaurlaritzaren deia. "Berebiziko garrantzia duen gaia da, herri mailako gai bat", azpimarratu du. Horren ildoan, ezkerreko koalizioak "eskola publikoaren baitan egituratuko den herri" baten alde egingo duela esan du, "denon aukera berdintasuna bermatuko duena".
EAEko aurrekontuez galdetuta, Garridok ziurtzat jo du Ahal Dugu negoziazio mahaian izango dela, eta koalizioaren lehentasunak hizpide, "zerbitzu publikoak indartu, Osakidetza berbarako, eta erreforma fiskal sakon bat egitea" aipatu ditu. Azken horren harira esan duenez, "EAEk autogobernua du, ezin da baliabide falta aitzakia moduan erabili. Fiskalitatea herri honek duen erronketako bat da, fiskalitateak progresiboago behar du izan".
Ahal Duguren koordinatzaile nagusiaren hitzetan, koalizioak ez du "lerro gorririk" EH Bildurekin negoziatzeko, eta "herri proiektu alternatibo bat" lantzeko. "Unea heltzen denean, berriro hitz egingo dugu ezkerreko bloke bat sortzeaz", iragarri du.
Azkenik, Estatuko aurrekontu orokorren harira, ziurtzat jo du EAJk eta EH Bilduk babestuko dituztela, euren proposamenak eta "antzezpen" batzuk egingo dituzten arren. Halaber, azaro amaierarako lan erreforma bertan behera geratuko dela iragarri du; "hala esan digu Yolanda Diazek (Espainiako Gobernuko presidenteordea)", argitu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa