13:21

Politika

HAUTESKUNDEETARAKO AKORDIOAK

PP-Ciudadanos koalizioa ez da berriro errepikatuko EAEn

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Carmelo Barrio PP-Cs talde parlamentarioko bozeramaileak azaldu duenez, legegintzaldi hau emankorra izatea espero duten arren, hurrengo hauteskundeetan ez dute koalizioa errepikatuko. Izan ere, PPk bildu behar duela zentroeskuina uste dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carmelo Barrio Gasteizko Legebiltzarreko PP+Ciudadanos taldeko bozeramaileak baieztatu duenez, ez dute azken hauteskundeetarako osatutako koalizioa errepikatzeko asmorik etorkizunean.

"PP+Cs koalizioa hemen sortu zen eta ez beste toki batzuetan, Madrilen edo Katalunian, esate baterako. Hauteskunde horietarako sortu zen eta hortxe amaitu zen. Beste gauza bat da funtzionamendua. Talde parlamentario bezala ondo funtzionatzen dugu, hauteskunde programa amankomuna dugu eta legegintzaldi hau emankorra izatea espero dugu. Baina esan beharra dago Ciudadanosek azken aldian izan duen jarrera ikusita -zentsura mozioak, erabaki politiko gorabeheratsuak-, ezin dugula koalizioa errepikatu" azaldu du buruzagi popularrak.

EITB Mediari eskainitako adierazpen horiekin berretsi egin du, beraz, gaur El Correo egunkarian Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko buruak aurreratu duena: "PP+Cs koalizoa Euskadin jaio zen eta hemen hil da".

Koalizioaren "heriotza" PPren paper zentralizatzailearekin ere lotu du Barriok: "Alderdi Popularraren konbentzioan argi geratu den modura, PP da zentroeskuinaren etxea; liberalak, kontserbadoreak eta demokristauak bildu behar dituen alderdi politikoa. PP+Cs esperientzia bat izan zen, hemen sortu zen eta gaur egun talde parlamentarioa daukagu, baina garbi dago ez dela berriz egingo".

Azken egunetan ika-mika politikoa bizi izan da EAEko PP eta Ciudadanosen artean, Luis Gordillo Csko parlamentari eta koordintzaile ohiak alderdia utzi eta PPn sartu ondoren.

Protagonistak berak elkarrizketa eman zuen ostegunean Radio Euskadin eta ez zela transfuga sentitzen (edukia gaztelaniaz) esan zuen:"Ez dut uste transfuga bat naizenik, zerrenda berean geratzen bainaiz". Ildo horretan, ez dela "ez ideologikoki ez formalki mugitu" defendatu zuen. Bere iritziz, "Ciudadanosek ez du une honetan zentro eskuin liberala defendatzen".

Koalizioa ez dago arriskuan Nafarroan

Nafarroan, berriz, UPNrekin batera osatu zuten PPk eta Ciudadanosek koalizioa azken hauteskundeetarako, Navarra Suma izenarekin. EAEko haustura Foru Erkidegoan errepika ote daitekeen galdetuta, Amelia Salanueva Madrilgo senatariak akordioa osasuntsu dagoela defendatu du, epe motzean horrelakorik gertatzea baztertuz.

Salanuevak esan du koalizioak "ondo funtzionatu" duela, azken bi hauteskundeetako emaitzak "zoragarriak" izan direla eta ez dela hausturarik planteatzen. Hala ere, 2023ko hurrengo hauteskundeetan ikusi beharko dela gehitu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena