Politika
Elkarrizketa
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
EAEko PPko presidenteak jeltzaleak kritikatu ditu hezkuntza alorrean EH Bilduri gerturatzeagatik, eta aurrekontuen negoziazioan, Elkarrekin Podemosi. Gordillo Cs-eko kidea PPn sartu dela eta, beste kide batzuei "pausoa emateko" gonbita egin die.
Iturgaiz, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media
Carlos Iturgaiz EAEko PPren presidentearen hitzetan, "EAJ erosteko eskaintza publiko (EEP) areriotsua egiten ari zaio Gernikako Estatutuari, hondatu nahi duelako", eta ohartarazi du Euskadiko popularrek ez dutela halakorik onartuko. Gainera, oso kritiko agertu da jeltzaleek akordioak lortzeko hautatu omen dituzten bazkideekin: EH Bildurekin hezkuntza legean, eta Elkarrekin Podemosekin aurrekontuen negoziazioan.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, PP+Cs taldeko bozeramaile ere badenak hizpide hartu du atzo Luis Gordillo Ciudadanoseko Euskadiko buruak jakinarazitako erabaki "pertsonal eta ausarta". Horren ildoan, deia egin die "kontserbadoreei, liberalei eta sozialdemokratei PPn sartzeko pausoa emateko; Sanchezi irabazteko zentro-eskuin indartsu bat behar da". Iturgaizen hitzetan, "ateak zabalik ditugu zentro-eskuineko espazio hori zabaltzeko prest dauden horientzat; badago itxaropena".
Hain justu, Estatutuaren eta Kontzertu Ekonomikoaren harira Cs-ekin izan ditzaketen desadostasunei buruz galdetuta, buruzagi popularrak esan du "kontu horiek konponduta geratu" zirela koalizio akordioa sinatu zutenean, eta Gordillok berak "sutsuki" defendatzen duela Estatutua, PPk bezala. Horri kontrajarriz, EAJk duen jarrera salatu du, bere ustez Gernikako Estatutuari "EEP areriotsua" egiten ari zaiolako, eta onartuko ez duela ohartarazi du. Ekarpen Legearen harira egindako akordioa hizpide erantsi duenez, "ez dut onartuko, bestalde, birzentralizazioa leporatzea guri, EAJ horren txapelduna denean: aldundiei eta udalei dirua kendu die Eusko Jaurlaritzari emateko".
EAEko aurrekontuen negoziazioaz, Iturgaizek esan du EAJ "dantzarako lagunak bilatzen" ari dela, eta "badakigu norekin nahi duten: Podemosekin eta komunistekin, zergak igotzen eta ondasun pribatuak kentzen dituztenekin". Horren ildoan, gogorarazi du iaz EAJk eta PSE-EEk ez zituztela PPk aurkeztutako "800 helegiteetatik bakar bat ere" onartu.
Halaber, EAEko PPren buruzagia "oso arduratuta" azaldu da jeltzaleak EH Bildurekin Hezkuntza Legearen erreforma negoziatzen ari direlako. "Asko arduratzen nau Bilduk hezkuntzan agintzea, horrek esan nahi duelako gaztelania eta itunpeko ikastetxeak desagertuko direla", argudiatu du. Iturgaizek esan du ez duela "planteamendu komunistarik" onartuko eskoletan: "Umeak gurasoenak dira, ez alderdienak".
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak EAEko kartzelak nola kudeatzen dituen "erne" jarraituko duela iragarri du. "Euskadin Katalunian gertatutakoa jazo daitekeen beldu gara, han preso kolpistek pribilegioak, bisita gehiago, patioko ordu gehiago, eta kanpotik janaria jasotzeko aukera izan baitute".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa