Politika
Elkarrizketa ETB2n
EITB Media
Hezkuntzako protokoloan neurriak arinduko dituztela iragarri du Urkulluk, eta 20-40 adin tartean herritar askok oraindik txertoa hartu ez dutela onartu du. Bestalde, AHT 2023an Euskadira heltzea baztertu du. Azkenik, Otegirekin "aspaldian" hitz egin ez duela aitortu du.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EITB Media
2022ko aurrekontuek % 5 gora egingo dutela iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak. 13.000 milioi euro inguruko aurrekontuak izango direla aurreratu du agintariak, 2021n baino 600 milioi gehiago. Aurreneko aldiz 13.000 milioiko langa gaindituko dutela esan du.
ETB2n egindako elkarrizketan, Urkulluk ziurtatu duenez, pandemiak agerian utzi dituen gabeziei aurre egiteko aurrekontuak izango dira, adibidez, osasun eta hezkuntza sektoreetan.
Eusko Jaurlaritzak Ekonomia eta Ogasun Sailaren aurrekontua areagotuko du, enpresetan edo proiektu estrategikoetan parte hartzeko funtsari ekarpena egiteko.
Euskadin errotu daitezkeen enpresa egitasmoetan parte hartzeko eta "inplikatzeko asmoa" du Exekutiboak, azpimarratu duenez.
Urkulluren esanetan, Next Generation Europako funtsen bultzada jasotzeko zazpi proiektu definitzen ari dira Jaurlaritza eta hiru aldundiak, "aukeratzeko sorta bat izateko". Zerrenda urriaren 17an aurkeztuko diote Espainiako Gobernuari.
Gainera, Abiadura Handiko Trena (AHT) 2023an Euskadira iristea baztertu du lehendakariak. AHT heldu ahal izateko oraindik "zeregin handia" dagoela onartu du Urkulluk.
Bestalde, nahiz eta osasun larrialdia atzean utzi, Iñigo Urkullu lehendakariak zuhurtzia eskatu dio gizarteari. Osasun larrialdia amaituta eta neurri murriztaile gehienak kenduta, Euskadik "garai berri bati" hasiera eman diola uste du agintariak, baina pandemia bukatu ez dela gogorarazi du. Horregatik, zuhurtzia eskatu du.
Osasun egoera hobetzeko txertoa "erabakigarria" izan dela azpimarratu du buruzagiak, baina mugikortasuna baimentzeko edo saltokietan sartzeko covid pasaporte bat eskatzea baztertu du, "diskriminatzailea litzatekeelako".
Hala ere, 20-40 adin tartean herritar askok oraindik txertoa hartu ez dutela onartu du lehendakariak. Urkulluren ahotan, "txertoa jasotzeko eskubidea dute, eta hartu ahal dute".
"Seigarren olatu bat ez nuke nahi, noski", adierazi du, baina gertatu daitekeela ohartarazi du. "Txertaketa guztiarekin Euskadin seigarren olatu bat gertatzea zaila da, puntan gaude, ez bakarrik Estatu mailan, baita Europar Batasunean ere, baina seigarren olatu bat izatea ezin da baztertu", azaldu du.
Lehendakariak gogorarazi duenez, mundu mailako pandemia da, eta "lehenengo dosiaren zain daude kontinente batzuk". "Horregatik, herritarrei helarazten dizkiegun mezuekin kontu handia izan behar dugu", esan du. Musukoa behin betiko kendu ahal izateko denbora dezente beharko dela gaineratu du.
Makrolitraden inguruan galdetuta, lehendakariak kezka agertu du fenomeno sozialaren eta "gizalegearen aurkako jarreren" aurrean, baina horregatik "gazteria estigmatizatu behar denik" ez du uste.
Zentzu horretan, litrada egiten duten gazteak gizarte-lanak egitera behartzeko eta isunak jartzeko dekretu bat prestatzen ari direnik ukatu du. Arazoa gizarte erronka bat dela uste du lehendakariak: "erakundeek egin ahal dutenaz haratago, lana familia esparruan hasi behar da". "Aisialdi eta sozializazio beste modu batzuk daude", nabarmendu du.
Hezkuntzako protokoloan neurriak arinduko dituztela iragarri du buruzagiak, baina ez du xehetasun askorik eman. Ostiral honetan prebentzio protokolo berri bat jasoko dute ikastetxeek, maila zehatzetan neurriak arintzeko, baina 12 urtez azpiko adingabeek txertorik ez dutela jaso gogorarazi du lehendakariak; ondorioz, "koherenteak izan behar gara".
Autogobernuari dagokionez, Euskadin akordioa lortzeko apustua berretsi du, "elkarrizketatik eta negoziaziotik abiatuz". Akordioa "gehiengo batek babestu, euskal gizarteak berretsi eta Diputatuen Kongresuan negoziatu" beharko dela erantsi du. Horretarako, azken bi legealdietan Eusko Legebiltzarrean egindako lanarekin jarraitzea eskatu du.
EH Bildu oposizioko indar politiko nagusiarekin duen harremanaz galdetuta, Arnaldo Otegi koalizioko idazkari nagusiarekin "aspaldian" hitz egin ez duela onartu du lehendakariak, baina harreman instituzionala "guztiz normala" dela ziurtatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa