Politika
Auzitegi Gorena
Agentziak | EiTB Media
Pedro Sanchezek esan du Justiziaren aurrean "espainiar guztiak, izen-abizenak batzuk ala besteak izan, berdinak" direla demostraturik geratu dela. Ione Belarra ministroak adierazi duenez, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak ikerketak artxibatzea "albiste txarra" litzateke.
Juan Carlos I.a errege emeritua. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Auzitegi Goreneko Fiskaltza errege emerituaren aurkako ikerketak artxibatzea eta ikerbidea amaitzea aztertzen ari da.
Fiskaltzaren arabera, Juan Carlos I.a ezin bortxatuzko figura zenean gertatu ziren ustezko delitu batzuk, beste batzuk preskribatu dira edo froga nahikorik ez dago. Gainera, 5 milioi euro inguruko bi zerga erregularizazio egin ditu emerituak.
El Confidencial-ek asteazken honetan aurreratu eta iturri juridikoek baieztatu dutenez, fiskal taldeak, tartean Juan Ignacio Campos Goreneko fiskala eta Alejandro Luzon Ustelkeriaren aurkako fiskalburua, aste gutxi barru hartuko du erabaki bat.
Ikerketa urte bat baino gehiago luzatu ondoren, erabaki bat hartzeko unea iritsi dela azaldu dute iturriek, hau da, Gorenaren aurrean kereila bat aurkezteko edo aurretiazko eginbideak artxibatzeko eta ikerketa amaitu dela iragarriz Ministerio Publikotik dekretu bat plazaratzeko ordua da.
Konkretuki, Goreneko Fiskaltzak hiru ikerketa ditu abian: abiadura handiko trena Mekara eramateko ustezko komisioak; Juan Carlos I.ak eta haren senideek ustez kreditu txartel ilunak erabili izana eta 10 milioi euroko kontu bat Jersey uhartean (zerga paradisua).
Sanchezen ahotan, Justiziaren aurrean "espainiar guztiak berdinak" direla demostraturik geratu da
Errege emerituaren egoeraz galdetu zaionean aurrekoetan egin bezala, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak esan du Justiziaren aurrean "espainiar guztiak, izen-abizenak batzuk ala besteak izan, berdinak" direla demostraturik geratu dela.
Eslovenian prentsaurrekoa eman du, EB-Balkanak goi-bileran parte hartu ondoren. Exekutiboak erregearen aita Espainiara itzultzeko oztoporik jarriko ote lukeen galdetuta, erantzutea berari ez "dagokiola" defendatu du agintariak.
Ione Belarra Gizarte Eskubideen ministro eta Podemoseko buruzagiaren hitzetan, Fiskaltzak ikerketa artxibatzeko erabakia hartzea "albiste txarra" litzateke, estatuburuak kargua "aberasteko eta etekin pertsonalerako" erabili zuela ematen duelako.
Zentzu horretan, Fiskaltzak emeritua "salatu gabe" ikerketa ixteko asmoa izatea "lotsagarria" da, kritikatu du Pablo Fernandez Podemoseko bozeramailearen ondokoak.
Enrique Santiago 2030 Agendako Estatu idazkariak uste duenez, Espainiako Justizia Juan Carlos I.aren ustezko delituak "preskribatzen uzten ari da", ez baitu ikerketarik abiatzen, eta Auzitegi Konstituzionala "inpunitate" horri laguntzen ari zaio.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa