Politika
Katalunia
Agentziak | EITB Media
Europako Justiziak buruzagi independentistaren immunitatearen eta epaitu aurreko arazoen inguruan erabaki arte, prozedura bertan behera uztea erabaki du Sassariko apelazio Auzitegiak.
Sassariko (Sardinia, Italia) Auzitegiak bertan behera utzi du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia Espainiaratzeko prozedura. Hain zuzen ere, Europako Justiziak buruzagi independentistaren immunitatearen eta epaitu aurreko arazoen inguruan erabaki arte, prozedura bertan behera uztea erabaki du, Agostinangelo Marras abokatuak azaldu duenez.
Puigdemontek ez du adierazpenik egin epaitegitik atera ondoren. Irailaren 23an atxilotu zuten L'Alguerko aireportura iritsi ostean. Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotzeko agindua eman eta Sassariko espetxera eraman zuten, baina biharamunean aske utzi zuten.
Bi ordu baino gehiago eman ditu deklaratzen Sardiniako Auzitegian. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak igorritako estradizio eskaera aztertu behar zuen Sassariko Apelazio Auzitegiak.
"Autokritika" eskatu dio Puigdemontek Espainiari
Estradizioa lortzen saiatzeko abiatu duen bide judizialagatik "autokritika" eskatu dio Puigdemontek Espainiako Estatuari, emaitzarik ez eta Kataluniako "gatazkaren konponbidea oztopatzen" duelako: "Espainiari aski dela esateko unea da".
Kataluniako presidente ohiak agerraldia egin du, Gonzalo Boye eta Agostinangelo Marras abokatuek eta Josep Lluís Alay Puigdemonten bulegoko buruak lagunduta. "Botere judiziala helburu politikoak lortzeko" erabiltzea leporatu dio buruzagi independentistak Espainiako Estatuari, eta horrek "Europar Batasuneko markotik at" kokatzen duela ohartarazi du.
Els senyors @sanchezcastejon i @pablocasado_, les úniques persones que poden ser primers ministres d'Espanya, han promès que m’extradiran. No sé com ho pensen fer complint la llei, perquè les dues úniques maneres que tenen de fer-ho són il·legals https://t.co/dgIu5icwYU pic.twitter.com/uKi5AZ2nfL
— Carles Puigdemont (@KRLS) October 4, 2021
Gorenak "ez du eskumenik"
Generalitateko presidente ohiaren defentsak errepikatu duenez, Auzitegi Gorenak "ez du eskumenik" Espainiaratzeko euroagindua bidaltzeko.
"Lehen egunetik, 2017ko azarotik, eskumen arazo bat dagoela planteatu dugu, eta Gorena arrazoiak aldatzen joan da, eskumena bere gain hartzeko saiakera batean", adierazi Gonzalo Boye abokatuak.
"Gauza bat zein bestea aldez aurretik ebatzi behar dira, atxilotzeko aginduaren igorleak horretarako eskumena ote duen jakiteko", azaldu du Boyek.
Celebrem la llibertat del president Puigdemont. La Justícia a Europa es posiciona, un cop més, contra la repressió de l'estat, però la persecució judicial només s'aturarà amb amnistia i autodeterminació.
— Pere Aragonès i Garcia ¿ (@perearagones) October 4, 2021
Us volem lliures i a casa, a tots els represaliats.
Comin eta Ponsati Espainiaratzea eskatu du Llarenak
Puigdemont deklaratzen ari zela, Llarenak Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiak atxilotzeko eta entregatzeko agindua igorri dio Sassariko Apelazio Auzitegiari. Biak atxilotzeko agindua indarrean dagoela azaldu du Espainiako magistratuak. Puigdemont laguntzeko, Sardiniara bidaiatu dutela komunikabideen bidez jakin eta berehala bidali du agindua.
Junts, ERC eta CUPen ordezkaritza bat Sardiniara joan da Kataluniako presidente ohia babesteko, baita ANC, Omnium Cultural eta AMIko ordezkariak ere.
Horrela, astelehen honetan bertan hartutako erabakiaren arabera, "komunikabideen bidez" bi politikariak Sardinian daudela jakin du Llarenak, "Carles Puigdemonten agerraldi judiziala dela eta".
Sassariko Apelazio Auzitegiari Jose de la Mata Eurojust Espainiako ordezkariaren bitartez inguruabarren berri emateko agindua eman du magistratuak; izan ere, irailaren 23an Puigdemont atxilotzeko eman zutenaren "antzekoa" da.
Identifikatu dituzte, baina ez atxilotu
Espainiako Justiziak sedizio delitua leporatzen die, eta diru publikoak bidegabe erabiltzea ere egozten dio Comini. Italiako Poliziak bi kontseilari ohiak identifikatu ditu.
Consell per la Republicako iturriek jakitera eman dutenez, Comin igandean identifikatu zuten, aireportura iritsi orduko. El Mon egunkariaren eta Consell per la Republicako iturrien arabera, Ponsati astelehen goizaldean identifikatu dute, hotelean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa