Politika
ATXILOKETA
EITB MEDIA
Sassariko (Sardinia, Italia) Apelazio Auzitegiak atzo aske utzi ostean, Generalitateko presidente ohiak esan du "Espainiaren jazarpenera ohituta" dagoela.
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia Christian Solinas Sardiniako presidentearekin eta Mario Ponoci L'Alguerreko alkatearekin bildu da gaur, eta arratsaldean Pere Aragones Kataluniako presidentearekin eta Jordi Puignero presidenteordearekin elkartuko da, irlara iristen direnean.
"Espainiaren jazarpenera ohituta nago, baina azkenean beti da berdina: librea naiz eta borroka egiten jarraituko dut", adierazi du hedabideen aurrean.
Aragones eta Puignero itsasontziz joan dira Sardiniara, eta Porto Torresera eguerdian iristea espero zen, baina atzerapenak izan dira eta komunikazioa zaila da, itsaso zabalean ez dagoelako telefonoz hitz egiteko aukerarik.
Puigdemontek eta agintari kataluniarrak agerraldia egingo dute 17:30 aldera L'Alguer erdigunean, eta ordubetera presidente ohiak prentsaurrekoa emango du.
Aragones Puigdemonti babesa adieraztera bertaratuko da. Azken hori ostegunean atxilotu zuten, L'Alguerreko aireportuan, Espainiako Auzitegi Gorenaren agindu bat oinarri hartuta.
Adifolk elkarteak antolatutako ekimen batean parte hartzera joan zen Sardiniara Puigdemont, Kataluniako beste hainbat ordezkarirekin batera, tartean, Victoria Alsina Generalitateko Atzerri Gaietako kontseilaria. L'Alguerreko aireportuan lur hartu orduko, Italiako Poliziak atxilotu egin zuen, eta Sassariko espetxean sartu zuten, harik eta atzo arratsaldean hiri horretako Apelazio Auzitegiak inolako neurririk gabe libre uztea erabaki zuen arte.
Orain, Espainiak Puigdemonten kontra igorria duen euroaginduaren auzia argitu beharko du Italiako Justiziak, eta deklaratzera itzuli beharko du presidente ohiak urriaren 4an Sassariko Auzitegira.
Puigdemont aske uztearen berria txalotu egin zuen Aragonesek, sare sozialetan zabaldutako mezu batean: "Puigdemont aske geratzea ospatzen dugu, baina duela lau urtetik hona erbestean bizitzera behartzen duen jazarpen judiziala gaitzesten jarraitzen dugu".
Aurrez, Generalitatean egindako agerraldi batean, Kataluniako presidenteak eta hainbat kontseilarik gogor salatu zuten atxiloketa, eta Espainiako Gobernuarekin abiatu berri duten elkarrizketa prozesuan gertaera honek ez duela ezertan lagunduko adierazi zuten. Indenpendentismoaren kontrako "errepresioa" bertan behera uzteko eskatu zion Aragonesek Espainiako Gobernuari.
Euskal indar politiko nagusiek ere atxiloketa salatu zuren, eta elkartasuna adierazi zieten berari eta Kataluniako herriari. Ildo beretik mintzatu zen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu eta lehendakariordea; horren hitzetan, Puigdemonten atxiloketa "arazo politiko bat judizializatu" izanaren ondorio da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa