16:08

Politika

Puigdemonten atxiloketa

"Justiziari men" egiteko eskatu dio Sanchezek Puigdemonti, eta elkarrizketarako konpromisoa aldarrikatu du

Agentziak | EITB Media

"Elkarrizketa, inoiz baino beharrezkoagoa da gaur", azpimarratu du Espainiako Gobernuko presidenteak. Hala, "elkarrizketarako konpromisoa" aldarrikatu du, 2017ko gertakarien "trauma" gainditzeko helburuarekin.

1:15
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "justiziari men" egiteko eskatu dio ostiral honetan Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari, bart Sardinan (Italia) atxilotu ondoren. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuak Italiako Justiziak agintzen duena errespetatu eta onartuko duela adierazi du Sanchezek.

Alabaina, Puigdemonten atxiloketaren aurka egindako protesten ostean, presidenteak "elkarrizketarako konpromisoa" aldarrikatu du, 2017ko gertakarien "trauma" gainditzeko helburuarekin.

Espainiako Gobernuko presidenteak La Palma uhartean egin du agerraldia; izan ere, Cumbre Viejako sumendiaren erupzioak eragindako larrialdi-egoera koordinatzeko lanetan ari da.

Bertan, epe labur, ertain eta luzerako bi neurri-sorta iragarri ditu, egungo larrialdiari erantzuteko helburuarekin eta erupzioak etorkizunean eragingo dituen arazoak konpontzeko. Horren ondoren, barkamena eskatu die herritarrei, bertan bizi duten egoera ikusita haientzat hain garrantzitsuak ez diren beste gai batzuk jorratzeagatik.

Hala, Kataluniako presidente ohiaren atxiloketari aipamena egin aurretik, Puigdemontek Espainian "beste Gobernu bat zegoenean" (Mariano Rajoyren Gobernuari aipamen eginez) justiziatik ihes egin zuela nabarmendu du.

Ildo horretatik, koalizio-gobernuak prozedura judizial guztiak errespetatzen dituela esan du, Espainian zein Italian burutu. Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak, Italiako Justiziak har ditzakeen erabaki judizialak errespetatzen eta onartzen dituela azpimarratu du.

Jarraian, Puigdemonti justiziari men egiteko eskatu dio, eta "gaur inoiz baino gehiago" elkarrizketarako konpromisoa ezinbestekoa dela aldarrikatu du, katalanek euren artean eta gainerako herrikideekin harremanak bideratzeko modu bakarra dela iritzita.

"Elkarrizketa, inoiz baino beharrezkoagoa da gaur", azpimarratu du Sanchezek. Hala, "elkarrizketarako konpromisoa" aldarrikatu du, "katalanek 2017ko trauma gainditu ahal izateko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena