15:55

Politika

Sortu

Audientzia Nazionalak Sorturen Kalera Info aldizkaria eta kalerakalera.eus webgunea ixteko agindu du

O.P. | EiTB Media

Bi hedabideak behin-behinean ixteko Fiskaltzak egindako eskaera onartu du Justiziak, terrorismoaren gorazarre egitearen delitu posible batengatik. Alderdiak helegitea jarri du dagoeneko eta "oso larri eta kezkagarri" deritzo gertaerari.

  • Oihana Garmendia eta Haimar Altuna.

    Oihana Garmendia eta Haimar Altuna. Argazkia: Sortu

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Nazionalak Sortuk argitaratzen duen "Kalera Info" aldizkaria eta Kalerakalera.eus webgunea "berehala" ixteko eskatu du, terrorismoa goratzea leporatuta.

Sortuko bozeramaile Haimar Altunak eta Oihana Garmendiak asteazken honetan Donostian emandako prentsaurrekoan egin dute iragarpena, eta gertatutakoa "larria eta kezkagarria" dela esan dute; izan ere, azpimarratu dutenez, "alderdi baten jarduera komunikatiboaren aurka egiten du".

Auzitegi Nazionalaren erabakia Fiskaltzaren eskaera baten ostean etorri da; hark eskatu zuen bi argitalpenak aldi baterako ixtea, kautelazko neurri gisa, ETAren terrorismoari gorazarre egiten zitzaiola ulertuta.

Ministerio Fiskalaren eskaera Madrilgo Instrukzioko 6 zenbakiko Epaitegi Zentralaren auto batean onartu dute; irailaren 15eko data darama autoak. Oihana Garmendiak azaldu duenez, Sortuko abokatuek helegitea jarri dute eta behin betiko ebazpenaren zain daude orain. 

Garmendiak adierazi du Kalera Info aldizkaria presoei informazioa eskaintzeko tresna bat dela, haiei eragiten dien auzi judizialen berri ematen duena, "beraien ibilbide penitentziarioa egiteko interesekoa den informazioa eskaintzen duena eta presoen eskubideen alde egiten diren mobilizazioen berri ematen duena". "Ez gehiago, ezta gutxiago ere". adierazi du. 

2017an argitaratu zen lehenengoz aldizkaria eta hiru hilean behin argitaratzen da. bertan ETAko presoei buruzko informazio zehatza, argazkiak eta espetxe-egoera biltzen ditu, baita espetxe-graduen sistemari buruzko datuak ere.

Garmendiak Auzitegi Nazionalean ETAko presoei egindako harrerengatik Sortu taldeko sei kideren aurka irekitako sumarioaren barruan kokatu du erabakia.

"Estatuaren estolderiaren eraso larria" da Sorturen ustez dekretu hau: "alderdi baten jarduera komunikatiboaren aurka jo dute, informatzea bezalako eskubide eta jarduera zilegia oztopatuz", esan du Garmendiak.  

Nabarmendu duenez, "konponbiderako ireki den aukera-leihoa kosta ahala kosta itxi nahi dute, gehiengoaren borondatearen kontra, elkarbizitza eraikitzearen kontra. 

Azkenik Espainiako Estatuari eskatu dio "uko egin diezaiola behingoz biolentzia erabiltzeari, gatazkari irtenbide demokratiko bat emate aldera. Erantzukizunez jokatzeko garaia da", esanez amaitu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena