00:46

Politika

Elkarrizketa

Maixabel Lasa: "PSOEk gaizki egin zuen guztia aitortu beharko du"

EITB MEDIA

ETB2n egindako elkarrizketa batean, Maixabel Lasak Juan Mari Jauregi senarraren hilketa gogora ekarri eta haren hiltzaileekin izandako topaketak azaldu ditu.  

  • Maixabel Lasa. ETBko bideo batetik hartutako irudia

    Maixabel Lasa. ETBko bideo batetik hartutako irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Emozio handiko asteburua izan du Maixabel Lasak. Bere izena daraman pelikula estreinatu da Zinemaldian. Duela 21 urte baino gehiago hil zuten Juan Mari Jauregi Tolosan, eta bere senarraren hiltzaileekin izandako topaketak kontatzen ditu filmak.

ETB2ko "12 minutu" saio berrian, Maixabel Lasak azaldu du zergatik onartu zuen Iciar Bollain zinemagilearen proiektuan parte hartzea.

"Beti pentsatu dut bigarren aukera bat eman behar dela, eta pentsatu nuen ona izan zitekeela jendeak jakitea Juan Mari hil zuten pertsonei bigarren aukera bat eman niela", adierazi du.  

"Haiek Juan Mariri hitz egiteko aukera eman baliote, egin behar zutena gaizki zegoela konbentzitzeko gai izango zen", erantsi du.

Juan Mari "asko hitz egitekoa" zela eta "pertsona guztien giza eskubideak" defendatzen zituela esan du Maixabelek.

"Gipuzkoako gobernadore zibil moduan ETAri aurre egin zion, baina torturaren aurka ere aritu zen eta Intxaurrondoko kuartelean gertatzen zena argitzeko lan egin zuen", nabarmendu du.  

ETAk bere senarra hiltzeko izan zitzakeen arrazoien harira, Maixabelek uste du gatazkak elkarrizketaren eta akordioaren bidez konpontzearen aldekoa zelako hil zutela. "Elkarrizketaren aldekoa ez zen ETAren zatiari ez zitzaizkion Juan Mari bezalako pertsonak interesatzen", adierazi du.

Ildo horretan, "inoiz ez zuela beldurrik erakutsi", esan du. Alabaina, "gogoan dut hil zuten egunean berarekin jaitsi nintzela garajera eta kotxean sartu zenean leihotik esan zidala hil egiten zutela amestu zuela esan zidala. Harrituta geratu nintzen. Esan nion amets bat baino ez zela izan. Eta horrela joan zen", gogoratu du hunkituta.

Pelikularen zatirik gogorrenei buruz galdetuta, bi une nabarmendu ditu Maixabelek: "Nire alabari aita hil ziotela esan ziotenean, Leitzan zegoen lagunekin kanpaldian; eta 2008an bizkartzaina jarri behar zidatela esan zidatenean, (ETAren) talde baten paperetan nire izena agertu omen zelako".

Iraganari errepasoa egiteaz gain, egungo egoera politikoa ere aztertu du, eta, horren esanetan, "iraganean gertatutako gauza asko gaizki egon zirela onartzeko unea da".

"Batzuei hori esatea asko kostatzen zaie, eta ez naiz soilik ETAri buruz ari. Beste indarkeria eta terrorismo batzuk ere izan dira herri honetan. Biktima horiek ere hor daude, eta egia jakitea garrantzitsua da", azaldu du.

"ETAk edo ezker abertzaleak egin duten moduan, PSOEk ere aitortu behar du garai ilun hartan gaizki egin zuen guztia. Buruzagiek zerbait esan behar dute", azpimarratu du.

Amaitzeko, galdera bat egin du, hausnarketarako: "Hain zaila al da gertatu behar ez zela esatea? Hain zaila al da egia kontatzea?".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena