Politika
ETA-KO BIKTIMAK
AGENTZIAK | EITB MEDIA
PPk ez duela "biktimak gehiago umiliatzerik" onartuko esan du Carlos Iturgaizek. Ana Beltranek, berriz, "terroristen aldeko ekitaldiak debekatzeko hatzik ez mugitzea" leporatu dio Espainiako presidenteari.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko buruzagia, Arrasateko ekitaldian. Argazkia: EFE
Komunikabide guztiak Arrasatera so dira larunbat honetan. Bertan, Euskadiko PPk Unai Paroten biktimak omentzeko ekitaldia egin du. Ana Beltran PPko Antolakuntza idazkariorde eta Nafarroako PPko buruak "biktimekin egotea edo borreroekin egotea, ETAren oinordekoekin" aukeratu behar duela adierazi dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
Ekitaldia Sare herritar sareak, besteak beste, Arrasaten antolatu zuen martxari erantzuteko antolatu da, "bereziki euskal presoei aplikatzeko onartutako 7/2003 legea salatzeko, ezkutuko bizi osorako kartzela zigorrak ahalbidetzen dituena". Lege hori dela eta, Unai Parotek 30 urte baino gehiago daramatza kartzelan, ETAko beste preso batzuk bezala (indargabetutako 1973ko Zigor Kodearen arabera, legez onartutako gehienezko espetxealdia 30 urtekoa da).
Manifestazioa Auzitegi Nazionalak baimendu egin bazuen ere, azken egunetan sortutako polemika ikusita, Sarek bertan behera uztea erabaki zuen atzo, "konfrontazioa saihesteko" eta "presoen etxeratzeko bidean bakearen etsaiek ezartzen dituzten oztopoak baztertzeko". Horren ordez, Sarek elkarretaratzeak antolatu zituen 12:00etan Euskal Herriko udalerri guztietan.
PPk eutsi egin zion Arrasaten egitekoa zuen kontzentrazioari eta Voxek ere bai. AVTk, berriz, Donostian, Madrilen, Zaragozan eta Granadan egin ditu ekitaldiak.
PPren ekitaldia Ortega Lara bahituta egon zen lantegian
PPk agertoki sinboliko bat aukeratu du Arrasaten, ETAk Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioa 532 egunez bahituta eduki zuen lantegia, hain zuzen ere. Aurretik, Julio Iglesias Zamora industrialaria ere eduki zuten bahituta bertan, 116 egunez.
Paroten biktimen izenak zituzten kartelak eskutan, minutu bateko isilunea egin dute parte hartzaileek. Ertzaintzak zainduta egin dute ekitaldia eta ez da inolako gertakaririk izan.
Ana Beltranek Unai Paroten aldeko ekitaldiak saihesteko "hatz bakar bat ez mugitzea" leporatu dio Pedro Sanchezi. Espainiako Gobernuko presidenteak "ETAren oinordekoak behar" dituela esan du, eta "Espainia desagertzea" nahi duten "otsoak zaintzen dituen artzaina" bihurtu dela salatu du. "Sanchezek zuritu egiten ditu, eskua bizkarretik pasatzen die, lehentasunezko bazkideak dira", esan du.
PPren ekitaldia Arrasaten. Argazkia: EFE
Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak, Muriel Larrea Gipuzkoako buruak eta PPko ehun ordezkari eta jarraitzaile baino gehiagok, Beatriz Fanjul Nuevas Generacioneseko diputatu eta presidenteak eta Laura Garrido legebiltzarkideak, besteak beste.
Iturgaizek adierazi duenez, PPk "ez du onartuko biktimak gehiago umiliatzea 'ongi etorriak' bezalako harrera nazkagarriekin, Ministerioak eta Herrizaingo Sailak debekatuta egon beharko liratekeenak eta terrorismoaren apologia hutsa direnak".
Euskadiko PPko buruak adierazi duenez, ekitaldi horrekin PPk terrorismoaren biktimak "omendu" nahi izan ditu, "Sanchez presidentearen bazkideek terrorismoaren biktimak umiliatzeko eta loriatzeko egiten ari diren ekintzen gorakadaren aurrean, Bildu, Sortu, Ernai edo Sare izeneko muturreko ezker abertzale horiek".
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohiari, Sareko bozeramaileetako bati, zuzendu zaio, eta "40 hilketa bizkarrean dituen kriminal batek kartzelan zenbat urte eman behar" dituen galdetu dio. "Azkarragaren eta Bilduren erantzuna badakit: bat ere ez", aldarrikatu du Iturgaizek, eta "beraiek aske nahi dituzte, kalean amnistia eman nahi diete, eta luxuzko egonaldiak oparitu, ordaindutako gastuekin".
Hala ere, atzo bertan, Azkarragak argi utzi zuen ETB2ko En jake saioan egindako elkarrizketa batean ez zela inoren aldeko omenaldi edo aitortza bat: "Ezkutuko biziarteko kartzela zigorraren aurkako ekintza bat zen".
"Deabruarekin ituna" egiteko gai izatea leporatu dio AVTk Sanchezi
Ildo berean, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) "deabruarekin ituna" egiteko gai izatea leporatu dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, "Moncloako aulkia" ez uzteagatik, nahiz eta "prezioa espainiarrak eta Espainiako biktimak izan", EH Bilduk Espainiako Gobernua osatzeko emandako babesari erreferentzia eginez.
Hala adierazi du Angeles Pedraza AVTko ohorezko presidenteak terrorismoaren biktimak omentzeko Madrilen egindako ekitaldian (Donostian, Zaragozan eta Granadan ere egin dute, mezu berarekin).
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa