Politika
Politika Orokorreko Eztabaida
Agentziak | EITB MEDIA
Carlos Iturgaizek adierazi duenez, "euskal herritarrok pandemiaren aurkako txertoa dugu, eta orain EAJren kudeaketa onaren propagandaren aurkakoa ere bai".
Bideoak (1)
Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko presidenteak "laguntza" eskaini dio Iñigo Urkullu lehendakariari, baina euskal herritarren "lehentasunak" aurrean izateko eskatu dio, hala nola, pandemiari aurre egitea eta ekonomia suspertzea. Testuinguru horretan, "haustura-tentazioak"alde batera uzteko eskatu dio, asmo horrek "hondamendia soilik" ekar dezakeela iritzita.
Eusko Legebiltzarrean ostegun honetan egindako Politika Orokorreko Eztabaidan, Iturgaizek "autokonplazentzia", "autokritikarik eza" eta lehendakariaren tonu "triunfalista" deitoratu ditu. Bere iritziz, lehendakariak "hausturaren planteamenduez eta legezkotasun demokratikoaren zein bizikidetzaren porrotaz hitz egiten du".
Gauzak horrela, legegintzaldiko lehen urte honetan, PP+Cs koalizioak Eusko Legebiltzarrean egindako proposamenak "mespretxatu" izana leporatu dio, baita Eusko Jaurlaritzako koalizio-gobernua osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE) Legebiltzarrean duten gehiengo osoa horretarako erabili izana ere.
Dena dela, Iturgaizek PP+Cs koalizioaren "laguntza" eskaini dio Urkulluri, "pandemiari aurre egiteko", enplegua eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko, hezkuntza hobetzeko eta "Autogobernuaren egonkortasuna mantentzeko". Hori guztia, "haustura tentazioak alde batera utzita, hondamendia eta liskarra besterik ez lukeelako ekarriko horrek".
"Eztabaida antzua eta gizartean liskarra sustatzea inoiz justifikatzen ez bada, are gutxiago onartu dezakegu jarrera hori etorkizuna jokoan dagoen une kritikoetan", esan du Euskadiko PPko buruak. Bere iritziz, "identitatearen obsesioak Katalunia hondamendira eramaten du".
Nolanahi ere, Iturgaiz "oso kezkatuta" agertu da Eusko Jaurlaritzak Autogobernuaren etorkizuneko eguneraketari begira izan dezakeen jarrerarekin, eta gai horretan zintzo eta "argi" jokatzeko eskatu dio Urkulluri.
"Badirudi EAJ eta PSE alderdien arteko gehiengoarekin egunero jokatu nahi dutela, eta EAJ-EH Bilduren gehiengoaren tentazioa dutela etorkizunerako, independentziaarako bidea den Kontzertu Politikoaren estatus berri hori bultzatuz", esan du Iturgaizek, lehendakariari erantzunez.
Testuinguru horretan, ordea, PP+Cs koalizioa laguntzeko prest agertu da, "tolerantzia eta euskal herritarren arteko elkarbizitza defendatzeko eta mehatxu egiten dituztenak salatzeko", esan du. Ildo horretatik, "askatasunaren etsaiak" azkenaldian nabarmen oldartzen ari direla ohartarazi du, eta "terroristei babesa adierazten jarraitzen dutela" ziurtatu du.
Gauzak horrela, Henri Parot ETAko presoari larunbat honetan Arrasaten egingo dioten omenaldia salatu du, "EH Bilduk iragana ezabatzeko duen asmoan beste urrats bat suposatzen duelako, eta terrorismoak burututako krimenak ahaztarazi nahi dituelako".
"Memoria behar dugu ETAren zurikeriaren aurrean, duintasuna biktimen aurkako ageriko umiliazioaren aurrean, eta justizia letra larriz", gaineratu du Euskadiko PPko presidenteak. Bere iritziz, Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Planak "ETAri babesa eman ziotenei eta zigorrik gabe jarraitzen dutenei inolako eskakizunik" planteatzen ez diela deitoratu du. "Horrela ez da gure kaleetako indarkeria amaituko", ohartarazi du.
Halaber, koronabirusak eragindako pandemia kudeatzeko orduan Euskadin izandako "kontraesanak" salatu ditu, besteak beste, txertaketa-kanpaina "kaotikoarekin" eta Segurtasun Sailaren arduren "utzikeriarekin". Bere iritziz, EAEko herri askotan egindako legez kanpoko ospakizunekin lotutako istiluen aurrean "berandu" jardun du Segurtasun Sailak, eta "Ertzaintzaren aurkako erasoak gero eta bortitzagoak izan dira".
Horrenbestez, "pandemiak EAJren kudeaketa onaren sinesmena ezerezean utzi du", esan du PP+Cseko bozeramaileak, eta gaineratu du: "Euskal herritarrok txertatuta gaude pandemiaren aurka, eta orain EAJren kudeaketa onaren propagandaren aurka ere bai".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa