12:01

Politika

Politika Orokorreko eztabaida

Euskadiko autogobernurako "adostasun sendoa" nahi du Urkulluk

Agentziak | EITB Media

Lehendakariaren ustez, aurreko legealdian autogobernuaren lantaldean egindako lana amaitzeko aukera zabaldu da Eusko Legebiltzarrean, "Euskadiren etorkizunari begira".

  • Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun honetako Politika Orokorreko Osoko Bilkuran proposatuko die euskal alderdiei Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak egindako lana amaitzea, "autogobernu proiektu handi baten inguruan adostasun sendoa lortzeko erronka partekatua" bultzatuta.

Lehendakaritzak zabaldutako diskurtsoaren zirriborroan jasotzen denez, lehendakariak "beharrezko autogobernua" jorratzearen alde egingo du esparru politikoan, Europar Batasunera egokituz, "Estatuaren lurralde eredu baten esparruan"; izan ere, horren arabera, "birformulazio bat behar du".

Urkulluk uste du aurreko legealdian autogobernuaren lantaldean egindako lana amaitzeko aukera dagoela Eusko Legebiltzarrean, "Euskadiren etorkizunari begira", eta, horretarako, "Legebiltzarrean autogobernu proiektu handi baten inguruan adostasun sendoa lortzeko erronka partekatua" planteatu nahi du.

"Orain, gure eskubide historikoak sinbolizatzen dituen harreman berezi eta aldebikoaren modernizazioa hitzartu nahi dugu", esan du Urkulluk, eta bide horrek aldebikotasun mekanismo "eraginkorra" hartu behar duela azpimarratu du, bi aldeak inplikatuko dituena "politikoki eta legez hitzartutako eskema baten pean jarduteko".

Lehendakariaren arabera, aniztasuna, elkarrizketa eta negoziazioa errespetatuz eraiki beharra dago, akordiorako borondatearekin eta "aitortza, leialtasuna eta lankidetza" oinarri hartuta.

Ildo horretan, Gernikako Estatutua osorik betetzeko beharra berretsi du, eta gogorarazi du orain arte Batzorde Mistoaren esparruan lau eskumen hitzartu direla. Era berean, bederatzi transferentziako bigarren bloke bat adostu gabe dagoela nabarmendu du, eta aurten bertan lortzeko asmoa duela gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena