Politika
Presidenteen Biltzarra
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, eskualdeetako gobernuek 2021ean Espainiak krisitik ateratzeko jasoko dituen ekonomia suspertzeko Europako funtsen % 55era arte kudeatuko dute.
Pedro Sánchez, Espainiako Gobernuko presidentea, ostiral honetan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ostiral honetan aurreratu duenez, Espainiak Pfizerren txertoaren 3.400.000 dosi jasoko ditu abuztuan, covid-19aren aurkako txertaketan "aurrera egiteko".
Hain zuzen ere, Salamancako San Esteban komentuan egindako Presidenteen Biltzarrean eman du horren berri, Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo Juntako presidentearekin batera egindako agerraldian.
"Abuztuan Pfizerren txertoaren 3.400.000 dosi jasotzeko akordioa lortu zuen atzo Carolina Darias Osasun ministroak, eta, beraz, 13.000.000 txerto jarrita izatetik 16.000.000 izatera igaroko gara Espainian. Gauzak horrela, uda amaitu aurretik posible izango da espainiarren % 70 txertatuta egotea, eta helburu hori aurreikusi baino lehenago lortuko da", azpimarratu du.
Espainiako Gobernuko presidenteak gogora ekarri duenez, "duela urtebete ez zegoen txertorik" eta egoera guztiz bestelakoa zen; 55.000 langabe gehiago zeuden, milioi bat langile gutxiagorekin, eta Barne Produktu Gordinak (BPG) behera egin zuen. Halaber, iazko bileran, datozen sei urteetan jaso beharreko Europako funtsen lehen akordioa aurkeztu zuen, baina orduan "proiektu bat besterik ez zen".
"Duela urtebete bizi izandako egoera gogora ekartzen badugu, uste dut onerako egin dugula aurrera. Gaur egun txertoa dago, eta herritarren % 56 babestuta dago jada", adierazi du Sanchezek. Gainera, ekonomiari dagokionez, BPGa goranzko bidean dago, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera enplegua sortzen ari da eta Gizarte Segurantzan alta gehiago daude.
Horrez gain, Presidenteen Biltzarrean, despopulazioaren arazoari aurre egiteko asmoz Gobernuak hartutako neurrien balantzea aurkeztuko die autonomia erkidegoetako buruzagiei. Ildo horretatik, estrategia hori 10.000.000 euroko plan nazional batekin gauzatzen hasi dela aurreratu du, eta lurraldeko eremu jakin batzuetarako ekimen garrantzitsua dela nabarmendu du.
"Herritarrentzat oso garrantzitsuak diren gaiak jorratuko ditugu; besteak beste, despopulazioaren arazoari aurre egiteko modua", esan du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Europako laguntzak
Sanchezek autonomia erkidegoetako presidenteei jakinarazi dienez, eskualdeetako gobernuek 2021ean Espainiak krisitik ateratzeko jasoko dituen ekonomia suspertzeko Europako funtsen % 55era arte kudeatuko dute.
Horretarako, hainbat irizpide hartuko dira kontuan funts horiek 17 erkidegoen artean banatzeko orduan.
Lehen aurrerakinaren ostean, Espainiak 19.000 milioi euro jasoko ditu 2021ean Europar Batasuneko berreskuratze funtsetik, eta sei hilean behin tarte berriak desblokeatu beharko ditu, Europako Batzordearekin adostutako hainbat helburu eta mugarri betetzen dituen heinean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa