00:01

Politika

13/13 sumarioa

Guardia Zibilak CNIren funtsezko laguntza aitortu du ikerketan

EITB Media

Asteleheneko saioan deklaratu duten lekukoek berretsi egin dute CNIk ikerketan duen funtsezko papera, baina onartu dute ez dagoela lankidetza horren jardueren erregistrorik, "CNIren informazioak klasifikatuta" daudela argudiatuta.

  • Angela Murillo buru den Auzitegi Nazionaleko tribunala.

    Angela Murillo buru den Auzitegi Nazionaleko tribunala. Bideo batetik hartutako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Duela bi aste hasitako 13/13 sumarioan auzipetutako zazpi abokatuen aurkako epaiketari berrekin diote gaur Auzitegi Nazionalean. Gaurko saioan, Guardia Zibileko zenbait agentek egin dituzte adierazpenak, tartean Informazio Zerbitzuko Unitate Zentraleko buruak.

Azaldu duenez, Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) Guardia Zibilaren ikerketan lagundu zuen "hasiera-hasieratik eta oso modu garrantzitsuan". Lankidetza Xabier Lopez Peña 2008an atxilotu zutenean hasi zen, eta 2010ean akusatuak atxilotu zituzten arte iraun zuen, horren arabera.

Hain zuzen, defentsak epaiketa deuseztatzeko eskatu zuen epaiketaren aurretiazko kontuen saioan, benetako babes judizialerako eskubidea urratu zela iritzita, besteak beste, CNIk kasuaren instrukzioan, prozeduran egindako atxiloketetan eta dokumentuak desklasifikatzen izandako ezohiko parte-hartzeagatik.

Informazio buruak akusatuei buruz esan duenez, "beti izan dugun susmoa da abokatuen lana legezko zereginetatik baino askoz harago zihoala. Hori berretsi genuen, batez ere Lopez Peñaren atxiloketaren ondorioz. Orduan finkatu ahal izan genuen objektiboki ikerketa".

Horren arabera, "abokatuen kolektiboa bera, ez kasu honetan, beste ikerketa batzuetan baizik, ETAko buruzagiak aurkitzeko laguntza garrantzitsua izan da. Isilpean gorde genuen zerbait zen, jakina, bestela abokatu bati jarraitzeak eskainiko zuen aukera bikainarekin amaituko genuen".

Gaineratu duenez, CNIk ez zien informaziorik bere horretan ematen, baina abokatuek bezeroekin izango zituzten hitzorduen datari eta orduari buruzko informazioa ematen zien, eta, horren harira, abokatuen kolektiboko kideek "asko lagundu ziguten", batez ere "Frantzian egindako hitzorduekin", esan du.

David Plak eta Jon Enparantzak Mimizanen ustez egindako bilera baten inguruan ere galdetu dio defentsak. Agenteak ukatu egin du bilera hura zaintzeko lanetan parte hartu izana; horren aurrean, defentsak zehaztu dionez "zuk zeuk komisionatu zenuen instruktoreak ofizio batean esan zuen Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzua hitzordu horren lekuko izan zela". Guardia zibilak esan du ez duela horren berri. Defentsako abokatuak inhokerentzia hori argitzeko behin eta berriz galdetzen ziola ikusita, epaimahaiko presidente Angela Murillok honakoa esan dio defentsako abokatuari: "Galde ezaiozu instruktoreari". 

Defentsek adierazi dutenez, auzipetzea oinarri duen Halboka txostenean Guardia Zibilak bost aldiz aipatzen ditu CNIk atzemandako komunikazioetatik lortutako informazioak eta datuak. Hori dela eta, CNIk ematen zien informazioari buruz galdetu diote agenteari, baina azken horrek esan du, "CNIri buruz esan dezakedan gauza bakarra da informazioa eman zigutela, baina ez genuen galdetu nondik lortu zuten", erantzun du.

Auzipetuen abokatuek galdetu dute ea, auzipetuen ikerketari dagokionez, Guardia Zibilak eta CNIk egindako ekintzen gaineko kontrolik edo erregistrorik zegoen, eta Informazio Unitateko buruak ezetz erantzun die.

Helburua: CNIren zeregina zein zen argitzea

Defentsek CNIren zeregina zein izan zen, CNIren eta Guardia Zibilaren arteko lankidetzaren nondik norakoak zeintzuk izan ziren eta prozesuan parte hartu zuten CNIko kideak nortzuk izan ziren argitu nahi izan dute, posible balitz, epaiketara lekuko gisa deitzeko. Inteligentzia Zentro Nazionalaren ezaugarriak direla eta (informazioa klasifikatuta dago), ia ezinezkoa da jakitea zeintzuk izan ziren ikerketa horretan parte hartu zuten CNIko kideak.

Defentsak zuzenean galdetu dio lekukoari, ea berak, Informazio Unitateko buru gisa, badakien prozeduran parte hartu zuen agenteetakoren bat, aldi berean, CNIko kide ere ba ote zen, eta agenteak "inondik inora" erantzun dio. Era berean, ukatu egin du CNIko kideak Elkano kaleko bulegoko erregistroan egon izana.

Defentsako abokatuek hainbat guardia zibilen testigantzak eskatu zituzten, hain zuzen ere CNIk prozeduran parte hartu zuen argitzeko. Abokatuek, baina saioan bertan jakin ahal izan dute dokumentu baten bidez ziurtatu dutela prozeduran parte hartu zuten agenteek Guardia Zibilarentzat soilik lan egiten dutela. Gaur arte ez dute dokumentu horren berri izan, eta, beraz, aztertu arte itxarongo dute zitazioei uko egin ala ez erabakitzeko.

Epaiketak bihar jarraituko du, lekukoen deklarazioarekin (guardia zibilak dira gehienak).

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena