Politika
Koronabirusa
EITB Media
Osasun sailburua dekretu berriaren alde agertu da, "maskara erabiltzea beharrezkoa dela argi uzten" duelako eta Sanchezen orain arteko jarrera "anbiguoa" zelako. Gotzone Sagarduik espero du herritarrei egindako deia nahikoa izatea lehendakariak etxeratze agindua eskatu behar ez izateko.
Gotzone Sagardui. Argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak adierazi du, osteguneko (uztailak 22) covid-19aren datuak ikusita, "egoerak hobera egin" dezakeela gaur. Hala ere, argitu du pandemiaren bilakaerak gorako joera duela eta ez garela atzoko datuetatik "urruti egongo".
Sagarduik Radio Euskadiko "Boulevard Informativo"n azaldu duenez, jendeak arduraz jokatzea oso garrantzitsua da. Izan ere, txertaketak pandemiaren hedapena eteten lagunduko duen arren, "guk geuk esfortzua egiten jarraitu beharko dugu, nekatuta egonagatik ere". Ildo beretik, segurtasun distantzia mantentzea eta maskara erabiltzea oraindik ezinbestekoa dela gogorarazi du sailburuak: "Musukoa erabiltzen jarraitu behar dugu, babesa bermatzeko".
Uztailaren 24an indarrean jarriko den dekretuaz ere aritu da Sagardui, orain arteko Sanchezen diskurtso "anbiguoa" argitzeko balioko duela esanez. Sailburuaren aburuz, orain arte espainiar Gobernuak emandako mezuak ez dira argiak izan, jendeak kalean maskara erabiltzea beharrezkoa ez dela ulertu baitu.
Dekretuak ekar ditzakeen isunez galdetuta, Sagarduik ez du adierazpenik egin nahi izan. "Osasun sailburu moduan, osasuna bermatzea da nire helburua", azaldu du.
Azkenik, etxeratze aginduari buruz aritu da Jaurlaritzaren ordezkaria. "Lehendakariak ez du neurri judizialik hartu nahi eta mahai gainean dauden aukera guztiak izango ditu kontuan. Beharrezkoa izatekotan, gaueko mugikortasuna mugatuko da, jakin badakigulako neurri eraginkorra dela", esan du Sagarduik. Hala, gizarteari egindako deia "datorren astean egoera hobean egoteko" nahikoa izatea espero duela berretsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa