Politika
Altsasu auzia
Altsasuko gazteek epaiketa justua eduki zuten aztertuko du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Zigortutako zortzi gazteen defentsek aurkeztutako lehen lau helegiteak aztertzeko bideari ekin diela jakinarazi die Estrasburgoko auzitegiak.
-
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Estrasburgon duen egoitza. Argazkia: Wikipedia
Giza Eskubideen Europako Auzitegia (ECHR, ingelesez) Altsasu auzia aztertzeko prest da. Zigortutako zortzi gazteen defentsek aurkeztutako helegiteen harira, lehen lauak aztertzeko bideari ekin diola jakinarazi berri du Estrasburgok, eta horrenbestez, gazteok epaiketa justua eduki ote zuten ebazteko bidean lehen pausoa eman du auzitegiak.
Zigortutako zortzi gazteen defentsako hiru abokatuk EITB Mediari baieztatu diotenez, Estrasburgoko auzitegiak jakinarazpena bidali berri die, aurkeztutako helegiteak aztertzeko bideari ekin diola-eta.
Amaia Izkok (Jokin Unamuno eta Ainara Urkijoren defentsa abokatua), Jaione Karrerak (Adur Ramirez de Aldarena), Eva Gimbernatek (Jon Ander Cob) eta Manuel Ollek (Julen Goikoetxea) behintzat jaso dute egiaztapena. Izan ere, abokatu horiek izan ziren Europan helegitea aurkezten lehendabizikoak.
Hain justu, Amaia Izko elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, eta ohartarazi duenez, gaur iragarritakoa "lehen galbahea" baino ez da, eta ez du aurreratzen zein izango den Estrasburgoren ikuspuntua.
Altsasuko gurasoek, Twitterren duten profilaren bitartez, Amaia Izkoren baieztapenaren berri eman dute:
Recientemente, las defensas de Jokin y Ainara han recibido la confirmación de que el recurso interpuesto en el Tribunal Europeo de Derechos Humanos ha sido aceptado. Es previsible que el resto de recursos siga el mismo camino, pero por ahora no tenemos la confirmación. #Altsasu pic.twitter.com/gApdRwrR5d
— Altsasu gurasoak (@Altsasugurasoak) July 20, 2021
Defentsek urtarrilean aurkeztu zituzten helegiteak. Aurrez, 2019ko urrian, epai irmoa eman zuen Auzitegi Gorenak. Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak apur bat arindu zituen Goreneko Zigor arloko Salak, eta hala, 2-13 urtekoak izan barik, urtebete eta erdi eta bederatzi urte eta erdi artekoak ezarri zituen.
Zortzi gazteen abokatuek irregulartasun ugari salatu zituzten Auzitegi Nazionaleko epaiketan, eta horiek dira, hain justu, Europara eraman dituztenak.
Alde batetik, Altsasuko gazteen kontrako prozedura berme juridikorik gabe egin zela salatu zuten. Ildo horretan, instrukzio fasean defentsaren aurkeztutako hainbat froga eta lekuko onartu ez zituztela gogorarazi zuten.
Bestetik, kasua eraman zuen Concepcion Espejel Auzitegi Nazionaleko epailearen inpartzialtasun falta salatu zuten, baina Auzitegiak baztertu egin zuela hura auzitik kanpo uztea.
Azkenik, Altsasuko Koxka tabernan gertatutakoa ikusita, zigorrak proportzionalak izan ez zirela salatu zuten.