14:17

Politika

Memoria Historikoa

"Inpunitate frankista" salatu dute Gasteizen, eta "egia, justizia eta erreparazioa" eskatu dituzte

Agentziak| EITB Media

Elkarretaratzea, 1936ko Estatu kolpearen 85. urteurrena betetzen denean egin dute. EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiek manifestua irakurri dute.

  • ''Zigorgabetasun frankista'' salatu dute Gasteizen. Argazkia: EH Bildu

    "Zigorgabetasun frankista" salatu dute Gasteizen. Argazkia: EH Bildu

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Dozenaka pertsonak "inpunitate frankista" salatu dute igande honetan Gasteizen, eta "egia, justizia eta biktimentzako erreparazioa" eskatu dute.

'Iragana Gogoan. Araba berria eraiki' lelopean, manifestua irakurri dute EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiek. Elkarretaratzean gogora ekarri dutenez, igande honetan "85 urte bete dira legalitate errepublikarra eta pertsonen zein herrien askatasunak defendatzen zituzten pertsonen eta estatu kolpe faxista babesten zutenen arteko gerra ekarri zuen altxamendu militarretik".

Testuinguru horretan, ondoren etorri zen 40 urteko diktadura salatu dute. Gainera, hamarkada batzuk geroago, krimen horien inpunitateak bere horretan jarraitzen duela eta milaka pertsonak "senideen gorpuak bilatzen" jarraitzen dutela azpimarratu dute.

"Etorkizuna ezin da isiltasunaren eta ahanzturaren gainean eraiki. Egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak nazioarteko parametroekin betetzea eskatzen dugu. Errepublikaren legezkotasuna defendatu zuten pertsonen aitortza juridiko, politiko eta soziala eskatzen diegu erakunde publikoei, baita frankismoaren, faxismoaren eta nazismoaren aurka zein pertsonen eta herrien askatasunaren alde borrokatu zirenena ere", gaineratu dute.

Hori dela eta, Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua "motz" geratzen dela uste dute; izan ere, "Egia, justizia eta biktimen erreparazioa aitortzeko bidean aurrera egiteko aukera izan behar du".

"Egia ofizial eta kolektiboa sustatu behar du, egiaren batzorde baten bidez; 1977ko amnistia legea indargabetu behar da, biktimei erreparazioa eman behar zaie eta genero-ikuspegia txertatu behar da emakumeek jasan zituzten errepresio modu espezifikoak ikertzeko, zigortzeko eta erreparatzeko", defendatu dute.

Halaber, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen eztabaidari eta tramitazioari berriz ekiteko, "Gerra Zibilean eta diktaduran zehar, arrazoi politiko, ideologiko edo erlijio-sinesmenagatik, jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen oroimen pertsonal eta familiarraren erreparazio morala eta berreskurapena sustatzeko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena