Politika
ERABAKITZEKO ESKUBIDEA
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Gure Esku eta Hamaika Gara ekimenek deituta, ekitaldi politikoa eta kulturala egingo dute Areatzan, 17:30ean hasita, estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen alde.
Bilboko ekitaldia aurkezteko, Gure Esku ekimenak egindako agerraldia.
Erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko "aukera historiko batean" gaudela iritzita, Euskal Herri mailako mobilizazioa deitu dute Hamaika Gara eta Gure Esku herri ekimenek gaur arratsalderako, Bilbon. 'Hamaika Gara erreferendumaren alde' lelopean egingo da kultura eta politika uztartuko dituen ekitaldia.
Euskal herritarren gehiengo zabal batek bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duela aldarrikatuko dute antolatzaileek, eta horretarako, erreferenduma eskatuko dute. Kataluniaren eta Euskal Herriaren gatazka politikoa konpontzeko "bidea herriari galdetzea" dela nabarmendu dute.
Ildo horretan, udazkenean EAEko estatus politiko berriari buruzko eztabaida berriro abian jartzeko asmoaren aurrean, herritarrek euren nahia adierazteko ordua dela uste du erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak
Asteon Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Amalur Alvarez Gure Esku ekimeneko bozeramaileak esan du covid-19aren osasun krisiak agerian utzi duela "EAEren autogobernu mailaren ahulezia". Horren hitzetan, "zintzotasunez" onartu behar da etorkizuneko erronkei erantzuteko "tresna politiko propiorik ez" duela Eusko Jaurlaritzak. "Eskuduntzak baditugu, baina horiek garatzeko eta sakontzeko bermeak behar ditugu", gehitu du.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean urrats garrantzitsuak eman direla nabarmendu du Alvarezek, eta Kataluniako prozesua jarri ditu adibidetzat. "Ate instituzionalak zabaltzen" ari direla esan du. Horren aurrean, "euskal herritarrek eragiteko duten gaitasuna" erakusteko ordua dela iritzi dio.
Bilboko ekitaldia
17:30ean abiatuko da Bilboko ekitaldia, eta jende pilaketak saihesteko, 17:00etarako bertaratzeko deia egin diete herritarrei antolatzaileek.
Bi agertoki jarriko dituzte; Areatzan ipiniko duten oholtzatik zabalduko dute mezu politikoa, eta ibaian barrena ibiliko den ontzi batetik emanaldiak eskainiko dituzte Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituño sortzaileek.
Azkenik, burujabetzaren aldeko aldarriekin norberak bere kartela eramateko deia ere egin die herritarrei Gure Eskuk, eta horretarako, Hamaika Gara plataformaren webgunean hainbat eredu jarri dituzte
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa