Politika
KATALUNIA
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bi agintariek arratsalde honetan egin dute lehen batzar ofiziala Moncloa Jauregian. Elkarrizketarako mahaia iraileko hirugarren astean bilduko da, Bartzelonan.
Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketarako mahaia iraileko hirugarren astean bilduko da Bartzelonan. Hala adostu dute Pedro Sanchezek eta Pere Aragonesek arratsalde honetan egin duten lehendabiziko batzar ofizialean. Aurrez, metodologia eta gai-ordena zehaztuko dituzte.
Bi agintariak Moncloa Jauregian elkartu dira, Espainiako Estatuaren eta Kataluniaren arteko elkarrizketa berreskuratzeko asmoz. Bilerak bi ordu eta erdi inguru iraun du.
Aragonesek onartu du batzarrean agerian geratu dela bi gobernuak "oso aldenduta" daudela, baina, edonola ere, biak ala biak bat datoz konponbidea "elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik" iritsiko dela.
Horrez gain, Aragonesek iragarri du falta diren inbertsioei buruzko aldebiko batzordea uztailean batzartuko dela, datarik zehaztu ez badu ere.
Ildo horretan, esan du bileran argi geratu dela elkarrizketarako bi mahai ezberdin izango direla: gatazka politikoari buruz arituko dira batean, eta inbertsioei lotutako gaiak jorratuko dituzte bestean.
Gatazka politikoari dagokionez, Europako Kontseiluaren ebazpena betetzeko eta "ordezkari politikoen eta kargudun publikoen kontrako jazarpena amaitzeko" eskatuko du Generalitateak.
Elkarrizketarako mahaia martxan jartzea berri ona dela adierazi du, gatazka elkarrizketaren, negoziazioaren eta politikaren bidez konpontzeko aukera irekitzen dela iritzita.
Amnistia eta erabakitzeko eskubidea
Edonola ere, Aragonesek berretsi du amnistia, errepresioaren amaiera eta autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatuko dituztela foro horretan.
"Kataluniako gizartean adostasuna dago gai horien harira. Ez dezatela inor gehiago kartzelan sartu, errepresioa amai dadila, erbesteratuak askatasunez itzul daitezela, eta gatazka demokratikoki konpon dadila, hautetsontziak jarrita", azpimarratu du.
Gauzak horrela, Aragonesek aitortu du negoziazioa zaila izango dela, baina ziurtatu du Kataluniako Gobernuak ez diela uko egingo autodeterminazioari eta amnistiari.
Espainiako Gobernuak autogobernu gehiago eskaini du
Bestalde, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ukatu egin du Sanchezek Pere Aragones presidentearekin amnistia edo autodeterminazio gaiak jorratu izana, baina Kataluniarentzat "autogobernu handiagoa" izatea aukera bat izan daitekeela gaineratu du.
Erbesteratutako independentistei dagokienez, Monterok berretsi egin du Aragonesek bere "kontakizunean" egokitzat jotzen duen edozein gai azal dezakeela, baina horiek ez direla Gobernuko presidentearekin "eztabaidatu" zehaztu du, eta amnistiari, desjudizializazioari eta autodeterminazioari buruzko gaietan ez dela "sakondu" esan du.
Monteroren arabera, beharrezkoa da denbora eta lasaitasuna ematea, baita "konfiantzarako tartea" eta bi erakundeak leialak izatea ere, "konponbide bideragarri eta zehatzak" lortu ahal izateko eta Espainian "elkarlanak" onarpen zabalagoa izan dezan.
Ministroak azpimarratu duenez, Sanchezek Pere Aragones presidenteari uztailaren amaieran Salamancan egingo den Presidenteen Konferentzian parte hartzeko gonbita egin dio, bertan, besteak beste, Europako funtsen banaketaren inguruan arituko baitira.
Agintari autonomikoen organo horrek 2020ko urriaren 26an egin zuen azken bilera, modu telematikoan, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere parte hartu zuen bertan. Orain, Kataluniako presidenteari Salamancako Presidenteen Konferentzian parte hartzeko eskatu dio Monterok, "gai interesgarriak aztertzeko".
Kataluniako prozesu independentistagatik zigortutako bederatzi buruzagi politikoei indultua onartu zieten duela astebete. Bestalde, gaur jakinarazi dute Espainiako Kontu Auzitegiak 5,4 milioi euro eskatu dizkiela hogei bat agintari katalani 2017ko urriaren 1eko erreferendumerako erabilitako diru publikoagatik. Testuinguru honetan egin da bi gobernuburuen arteko lehen batzar ofiziala.
Aragonesekin izandako bileraren ostean, Sanchezek dagoeneko aske dauden bederatzi buruzagi independentisten indultuak azalduko ditu asteazken honetan Kongresuan, eta eskuinaren kritikak eta alderdi independentisten eskakizunak entzun beharko ditu berriro.
Joan den ostegunean, Ciudadanosek indultuen aurkako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Kautelazko neurri gisa, helegitea ebatzi bitartean, bederatzi buruzagi independentistak kartzelara itzultzea eskatu zuten, baina Auzitegiak aukera hori baztertu du eta ohiko bidetik tramitatuko du helegitea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa