13:00

Politika

Omenaldia

Artolazabal, poliziaren biktimei: "Lehen mailako biktimak zarete"

Berezi Fernandez | EITB Media

Eusko Jaurlaritzak 1978 eta 1999 urteen artean poliziaren indarkeriaren biktima izan ziren 35 pertsona omendu ditu.

1:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak poliziaren biktimak eta haien familiak omendu ditu, Bilbon. Ekitaldian, Beatriz Artolazabalek, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, polizialarenak "lehen mailako biktimak" direla esan du, "indarkeriaren eta eskubide urraketen biktima guztiak" bezalakoak.

Jaurlaritzak antolatutako ekitaldian, ordezkari politikoek 30 biktima eta hain senideak omendu dituzte. Balorazio Batzordearen lehen txostenean aitortu zaie ekitaldiko protagonistei biktimak izan zirela, hainbat perituk horrela ebatzita. Erakundeetako kideez gain, biktimek eta familiek hartu dute parte omenaldian, baita errekonozimendu irizpen ofiziala jaso ere.

Balorazio Batzordea: 1978 eta 1999 artean izandako poliziaren biktimen aitorpenerako sortutako erakundea. Lanean hasi zenetik, 1.017 eskaera jaso ditu, eta 55 aztertu ostean, 35 ebatzi.

Artolazabalek "giza eskubideen urraketa larrien biktimak" direla esan die omenaldira gerturatu direnei. Indarkeria "bidegabea" izan zela argi utzi du ordezkari politikoak, eta tartean arrazoi politikoak zeudela azpimarratu. Jaurlaritzak biktimen egia aldarrikatu nahi duela adierazi du sailburuak, "siglarik gabeko egia, ideologia eta kolore politikotik haratago" dagoena.

Poliziak torturatutako emakumeei aipamen berezia egin die Artolazabalek, emakumeak izate hutsagatik "okerrago" tratatu zituztelako, "kalte larriak eta min fisiko, psikiko eta morala" jasan behar izan baitzuten.

"Zuen egia aldarrikatu nahi dugu; zuen egia ez ezik, guztion egia izan behar duena. Isiltasun gehiagorik ez, ahanztura gehiagorik ez", aldarrikatu du sailburuak. Gainera, azaldu du biktimek "duintasunaren berrespen esplizitua" merezi dutela. Hemendik aurrera, "biktima guztiak erdigunean" egongo direla berretsi du Artolazabalek, bizikidetza hobea lortzea premiazkoa delako.

Sailburuaren agerraldia bukatzean, biktimek hartu dute hitza. Aitortza berresten duen dokumentu sorta jasota, hainbatek haien testigantzak kontatu dituzte.

2:23

Eskubideen urratze sistematikoa

Jon Mirena Landak, Balorazio Batzordeko bozeramaileak, Euskadi Irratian adierazi du torturak eta tratu txarrak sistematikoak eta isilaraziak izan direla.

Hala, batzordeak bere lana burutzerakoan, "jarduteko modu batzuk" azaleratu direla azaldu du Landak: "Entzuten duzunean bati Gernikan, besteari Bakion gauza bera gertatzen zitzaiela, funtzionatzeko modu bat zegoelako zen, modu sistematikoan jarduten zen giza eskubideen aurka".

Gaurko omenaldiaren esanahiaz galdetuta, Landak azaldu du ezinbestekoa dela "gizarte sinesgarri bat eraikitzeko" horrelakoak pairatu dituztenak aitortzea, askotan, ukatu egin zaielako.

Nombre de la Víctima GERTAERA
Felipe Suárez Delgado 1976ko apirilaren 10ean, bala tiro bat jaso zuen Zarautz eta Zestoa arteko errepidean egiten ari ziren polizia kontrol batean. Bi egun geroago hil zen. 29 urte zituen, eta Leongoa zen jatorriz.
Juan Maria Zuloaga Balziskueta Tratu txarrak eta tortura jasan zituen 1968an. 2010ean hil zen. Mª Carmen Uranga Echeverriaren senarra zen.
MªCarmen Uranga Echeverria Familiak Uranga taberna zuen Zornotzan. 1970eko hamarkadan, mehatxuak eta atentatuak jasan zituzten: su-bonba bat jaurti zuten horren kontra, metrailetaz tirokatu zuten horren aurrealdea, kalteak egin zizkioten, eta abar. Horietako batean, 1976an, ama zauritu zuten.
Luis Fermín Orueta Alvarez Hainbat aldiz atxilotu eta torturatu zuten 1973 eta 1976 artean. Eibarkoa zen, eta 18 urte zituen lehen aldiz atxilotu zutenean. Espainiako Alderdi Komunista Internazionaleko (PCEi) gazteen Espainiako Guardia Gorri Gaztea (JGRE) zelularen arduraduna zen garai hartan Valladolideko Unibertsitateko Filosofia Fakultatean.
Iñigo Moyua Careaga 1972ko maiatzaren 24an metrailatu zuten Guardia Zibilaren kontrol batean, eta hainbat mailatako zauriak egin zizkioten. 16 urte besterik ez zuen.
Ignacio O´Shea Artiñano Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1975ean.
Miguel María Azpillaga Camio Kalez jantzitako polizien tiroek zauritu zuten 1975eko abuztuaren 28an, manifestazio batean Alderdi Komunistaren eskuorriak banatzen ari zen bitartean. 2010eko urtarrilaren 19an hil zen.
Koldo Arriola Arriola Guardia Zibilaren Ondarroako koartelean hil zen, su-arma baten tiroa hartuta, 1975eko maiatzaren 23an. 19 urte zituen.
Enrique Arzubiaga Ardeo Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1969an.
Juan María Lestón Batiz Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1970an.
MªJulia Sanz Lasanta Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1975an.
Jose Gabriel Larrucea Echevarria Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1975an.
Teresa Sanz Lasanta Tratu txarrak eta mehatxuak jasan zituen 1975ean.
Jose María Madariaga Zugadi Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1968an.
Mª Josefa Bilbao Bilbao Tratu txarrak jasan zituen 1972an. Orain gutxi hil da.
Felipe Laraudogoitia Bilbao 1967an atxilotu zuten, Bakion, eta espetxeratu egin sartu. Tratu txarrak jasan zituen. 1999ko otsailaren 18an hil zen.
Laura Uriarte Bilbao Tratu txarrak jasan zituen 1972an. Mª Joseba Bilbaoren alaba da. Elkarrekin atxilotu zituzten Bakion.
Juan Ormaza Renteria Tratu txarrak jasan zituen 1972an.
Pedro Crucelegui Solozabal Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1974an.
Miguel Antonio Elgezabal Bilbao Tratu txarrak jasan zituen 1975ean.
Joseba Mentxakatorre Agirre Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1976an.
Pilar Barayazarra Apraiz Tratu txarrak jasan zituen 1975ean.
Felix Jauregizar Oraindi Tratu txarrak jasan zituen 1972ean.
Inés Barayazarra Apraiz Hiru aldiz atxilotu zuten eta tratu txarrak jasan zituen 1972an.
Belén Matabuena Garagorri Tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1973an.
Felipe Agirre Gaztañaga 1968ko apirilean atxilotu eta torturatu zuten, urte horretako apirilaren 14an Donostian modu klandestinoan egitekoak ziren Aberri Eguna dela eta, lagun batekin propaganda banatzen harrapatu ondoren. Iparraldean erbesteratu zen, eta 1977an itzuli zen.
Cayetano Otaegi Gutxienez 10 aldiz atxilotu zuten 1794 eta 1981 artean, eta tratu txarrak jasan zituen hainbatetan. Inoiz ez zuten inongo deliturengatik epaitu.
Idoia Ayerbe Iribar Torturak jasan zituen 1985ean, Mikel Zabalza, Ion Arreche eta Manolo Vizcayrekin batera. 2018ko abenduaren 4an hil zen, 56 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz.
Juan Ramón Arreche Gutierrez Tortura jasan zituen 1985ean, Mikel Zabalza, Idoia Aierbe eta Manolo Vizcayrekin batera. 2017ko martxoan hil zen, 52 urte zituela, arrazoi naturalen ondorioz.
Manuel Vizcay Zabalza Tratu txarrak jasan zituen 1985ean, Mikel Zabalza, Idoia Aierbe eta Juan Ramon Arrecherekin batera.

Balorazio Batzordearen lehen zerrenda.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena