Politika
ipar euskal herria
Olatz Prat | EITB Media
Pirinio Atlantikoko nahiz Akitania Berriko eskualdeko ordezkariak hautatzeko hitzordua dute herritarrek. Ez da aliantzarik izan, ez kontsignarik eman bigarren itzuli honetarako.
Joan den igandeko irudia, hautesleku batean. Argazkia: Artxiboa
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Joan den igandeko emaitzetatik abiatuta, hauteskundeen bigarren itzulia izango da gaur Ipar Euskal Herrian. Hauteskundeak bikoitzak dira, gainera, alde batetik Pirinio Atlantikoetako ordezkariak hautatzeko kantonamenduetako hauteskundeak, eta, bestetik, Akitania Berriko eskualdeko hauteskundeak.
Ikusteko dago bigarren itzuli honetan errepikatuko ote den lehen itzuliko abstentzio historikoa. Izan ere, joan den igandeko bozetan, batean zein bestean, hiru herritarretik bik ez bozkatzea erabaki baitzuten. Frantziako agintariek dei egin diete herritarrei bozkatzera joateko.
Pirinio Atlantikoko hauteskunde departamentalei dagokionez, kantonamendu guztietan jokatu beharko dute bigarren itzulia, izan ere, ez zen hautesleen % 25en gutxieneko babesa eskuratu zuen zerrendarik izan. Lehen itzulian zentro-eskuina izan zen garaile hamabitik hamar kantonamendutan. Haietako zazpitan EH Bairekin lehiatuko da (Hendaian, bigarren postutik, han ezker abertzalea baita aurrena), Baionan Sozialistak izango ditu parean eta Miarritzen, berriz, Berdeak.
Lehen itzuliak utzi zuen datu esanguratsuena izan da, halaber, EH Bairen igoera, abstentzioa handia izanda ere, beste alderdiek ez bezala, gora egin baitu koalizio abertzaleak. Bigarren itzulian bost kantonamendutan izan bazen aurreko hauteskundeetan, 7tan izango da oraingoetan, 3.000 boto irabazita, ehunekoan ere gora egin du, % 16tik % 24ra. Lehen aldiz, gainera, aukerarik bozkatuena izatera iritsi da kantonamendu batean, Hendaian, zehazki.
Lehen itzulian kanporatuak izan ziren alderdiek ez dute bigarren itzulirako kontsignarik adierazi. EH Bairen kasuan, esaterako, lehian izango ez den gainerako kantonamenduetan, ezkerreko eta ekologiaren inguruko ideologien arabera, nork bere erabakia hartzera bultzatu dituzte afiliatuak.
Roussetek eutsi nahi Akitania Berrian
Akitania Berriko Kontseilua eratzeko hauteskundeei dagokionez ere, inoiz ikusi gabeko elementuak dira mahai gainean.
Batetik, lehen itzuliko abstentzioari aurre egitea. Abstentzio horrek ekarri du, esaterako, lehen itzulian izandako zortzi zerrendatatik bost pasa izana bigarren itzulira, kantonamenduetakoan bezala, honakoan ere hautesleen % 25en babesa behar baitute boto gehien dituzten hautagaiek bigarren itzulia saihesteko.
Nabarmentzekoa, era berean, bigarren itzulira begira aliantzarik ez lortu izana alderdien artean. Izan ere, indarrak batu eta lehiarako bloke sendoagoak egiteko aukera bazuten ere aurrera pasatakoek nahiz atzean geratutakoek, halakorik ez dute bilatu, ez erdietsi.
Eskualdeko presidentetzari eutsi nahi dio Alain Rousset sozialistak. Irabazteaz, bosgarren agintaldia luke. Ekologisten babesik ez du aurten izango hala ere, azken sei urtetan elkarrekin agindu izan badute ere; desadostasunak piztu dira bi taldeen artean, besteak beste, abiadura handiko trenaren gaian eta bakoitzak bere bidea jarraituko du.
Rousseten Alderdi Sozialistaz gain, bigarren itzulian izango dira, botoen araberako hurrenkeran, Marine Le Pen-en Bilgune Nazionaleko Edwige Diaz, Errepublika Martxan Macronistako Genevieve Darrieussecq, Nicolas Florian eskuindarra eta Nicolas Thierry-ren Berdeak alderdikoa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa