17:30

Politika

Eusko Legebiltzarra

Poliziaren biktimak oroitzeko urtero ekitaldi bat egitea proposatu dute

agentziak | erredakzioa

Bestalde, Balorazio Batzordeak poliziaren gehiegikerien beste 35 biktimaren errekonozimendua ere eskatu du.

1:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

1978 eta 1999 artean izandako poliziaren biktimen konponketarako sortu zen Balorazio Batzordeak urtero ekitaldi bat egitea proposatu du, biktima horien errekonozimendurako. Ekitaldiak "goi mailakoa" izan beharko lukeela galdegin du, pertsona horiek izan zituzten "giza eskubideen urraketa larriak argitara emateko".

Historialariek, legelariek, auzitegi medikuek eta beste aditu batzuk osatzen duten erakunde horretako ordezkariek agerraldia egin dute gaur lehenengo txostena aurkezteko Eusko Legebiltzarrean.

Batzordean errekonozimendua emateko 1.017 eskaera jaso dituzte, eta 55 aztertu ostean, 35 ebatzi dituzte. Larunbatean Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat egingo du Bilbon biktimen senideei ebazpenak helarazteko.

Aztertutako 55 txostenetan (43 gizonezko eta 12 emakume) 11 heriotza eta tortura edo tratu txarren 36 kasu daude. Horietatik, 33 Guardia Zibilarenak eta 16 Espainiako Poliziarenak dira, eta biktimen artean 26k ez dute lotura politikorik, 9 ETAkoak ziren eta beste 3ri erakunde armatuari laguntzea leporatzen zieten.

Adituek "joera" bat atzeman dute tortura egiteko "tekniketan": poltsa, bainuontzia, kolpeak, ahatea, gurpila, umiltzeak, lo egiten ez uztea, izu giroa sortzea, senideen aurka jotzeko mehatxua eta beste pertsona batzuen oihuak (benetakoak edo grabatuak) erabiltzea izutzeko.

Era berean, egiaztatu omen dute giza eskubideen urraketak ikertzeko betebeharra ez dela bete kasu askotan, "azaleko izapide nahasgarriekin" eta kasu batzuetan ikerketarik egin gabe ere.

Batzordearen arabera, genero arrazoiengatik umiltzeko joera ere ba omen dago kasuen artean; izan ere, poliziaren esku egon diren emakumeen aurkako indarkerian ohikoak izan omen dira "bortxaketa mehatxuak", "ukimenduak" eta "sexu izaerako umiltzeak", besteak beste.

Errekonozimenduak lortzeko eskaerak egiteko prozeduraren inguruan informazioa emateko eskatu dio Jaurlaritzari, aurtengo urte bukaeran amaitzen baita epea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena