Politika
Elkarrizketa
Chivite: "Aurtengoa berreskuratze ekonomikoa abiatzeko urtea izango da Nafarroan"
EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuko presidenteak esan duenez, uztailetik aurrera musukoa aire librean derrigorrezko ez izatearen aldekoa da. Dena den, aitortu duenez, Espainiako Gobernuari dagokio hori arautzea.
-
Maria Chivite, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Legegintzaldiaren ekuatorearen atarian (abuztuaren 6an bi urte beteko ditu hiruko koalizio foru gobernuak), 2021a "berreskuratze ekonomikoa abiatzeko urtea izango da Nafarroan" eta hori izango du lehentasun Maria Chivitek zuzentzen duen gobernuak, buruzagi sozialistak gaur nabarmendu duenez. Chiviteren esanetan, Europatik etorriko diren funtsak "lagungarriak" izango dira susperraldi horretan, eta horiek bideratzeko unean "bizkor" ibili behar direla iritzi dio.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean adierazi duenez, legegintzaldia amaitzeko "egonkortasun" nahikoa du Foru Gobernuak, eta oposizioaren diskurtsoa "apokaliptikoa" dela, "datuen errealitatearekin bat ez datorrena", erantsi du.
Covid-19a hizpide, Chivitek esan du "datuak onak" direla, pandemia amaitu ez bada ere. Txertaketari buruz, iragarri du 30-39 urte bitartekoak uztailetik aurrera immunizatzen hasiko direla, hainbat lekutan adin tarteko horretakoak deitzen hasi badira ere. Turistei txertoa ematea "zaila" dela onartu arren, Lurralde arteko Osasun Batzordeari neurriren bat hartuz gero, bisitari gehien hartzen dituzten erkidegoei dosi gehiago eman beharko litzaiekeela azpimarratu du. Halaber, gogorarazi du Nafarroan badagoela "malgutasuna txertaketak eta oporrek bat eginez gero" .
Ostalaritza sektorearekin asteon bertan bilduko dela iragarri du, ordutegi eta edukiera aldetik neurriak arintzeko helburuarekin.
Maskara erabiltzeari dagokionez, uztailetik aurrera aire librean derrigorrezko ez izatearen aldekoa dela adierazi du. Dena den, aitortu duenez, Espainiako Gobernuari dagokio hori arautzea.
Gai politikoak hizpide
EH Bildurekin duen harremanaz galdetu diote Chiviteri. Buruzagi sozialistaren arabera, gai sozialetan "bat egiten" duten arren, beste gai batzuetan "desadostasunak" daudela azpimarratu du, baita Geroa Bairekin ere (hizkuntza politikan, berbarako). "Hizkuntza politikaren inguruan ditugun desadostasunak txikiak dira, gauza gehietan ados gaude", azaldu du. PSNk ez du euskara meritu gisa hartu nahi eremu ez-euskaldunetan: "Horretan ez dugu iritzia aldatuko".
Iñigo Urkullu lehendakariarekin harreman "ona" duela esan du Chivitek, eta pandemiaren urte honetan elkarrizketa izan dela bi gobernuen artean. Era berean, jakitera eman du laster bilera egingo duela lehendakariarekin bi gobernuen lankidetza ituna berrikusi eta eguneratzeko (2016an sinatu zen azkena).
Andaluziako PSOEren primarioen inguruan itaunduta, Chivitek uste du "aro berri bat" abiatuko dela eta Juan Espadas "gaitasun handiko gizona" dela "Andaluziako alderdi sozialistaren eraberritzeari ekiteko". Horren aurrean, Susana Diazen egitekoa "Espadasen hautagaitza erraztea eta Andaluziako Gobernua berrekuratzean laguntzekoa" beharko litzatekeela erantsi du.
Azkenik, bi hitz egin ditu Madrilgo Colon plazan atzo indultuen kontra egin zuten elkarretaratzeaz. Chiviteren iritziz, "Colongo irabazlea Vox izan zen, PPri eta Ciudadanosi ez zaie ondo atera estrategia. Indultuak legezkoak dira, Pedro Sanchezek arazo politiko bat konpontzeko erabili nahi duen tresna politikoa da".