14:07

Politika

Eusko Legebiltzarra

EH Bilduk LABI politikoa desagertzea proposatuko du pandemiari aurre egiteko legean

E. G. | EITB MEDIA

Koalizio abertzaleak uste du LABI teknikoa indartu beharko litzatekeela, independente eginda eta erabakiak berak hartuta. Iturgaizek ere (PP+Cs) uste du LABI "soberan" dagoela.

10:51
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk LABI teknikoa indartzea proposatuko du pandemiari aurre egiteko legeari —Legebiltzarrean izapidetzen ari dira orain— aurkeztuko dizkion zuzenketetan, eta erakunde independente bihurtuta, bera izatea erabakiak hartuko dituena. Indartze hori LABI politikoaren kaltetan izango litzateke, desagertu behar dela uste baitu koalizio abertzaleak.

Maddalen Iriarte bozeramaileak eta Rebeka Ubera legebiltzarkideak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gasteizen, biharkoan aurkeztuko dituzten 72 zuzenketen edukia jakinarazteko. Zuzenketokin, EAJ eta PSE-EEren pandemiaren aurkako lege proiektuaren "gabeziak eta hutsuneak" bete nahi ditu EH Bilduk. Besteak beste, lege proiektuaren asmo zigortzailea arindu eta krisiak gehien eragindako sektoreei laguntzeko neurriak hartzea eskatuko dute.

LABI teknikoa hizpide, EH Bilduk uste du erakunde hori indartu eta guztiz independentea bihurtu beharko litzakteela, eta horrekin batera, LABI politikoa desagertu. Rebeka Uberak azaldu duenez, "Osasun Publikoko zaintza eta jarraipen epidemiologiako ekipoko kideen artean gaixotasun infekzioso berrien eta pandemiaren zuzendaria izendatuko litzateke eta berak zuzendu eta koordinatuko luke LABI teknikoa, ez duelako zentzurik organo horretako zuzendaria kargu politiko bat izatea —Jonan Fernandez ahotan—".

Zentzu horretan, Uberak LABIk izango lukeen izaera independentea azpimarratu du. "Alor anitzetako teknikari eta adituek osatuko lukete, bere erabakiak publikoak izango lirateke eta Jaurlaritzari egokituko litzaioke horiek aplikatzea".

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, bestalde, lege proposamenari zuzenketak aurkeztearen helburua "bikoitza" da: batetik, pandemiak kaltetutako sektoreak babesteko neurriak txertatzea; bestetik, "osasun sistema indartzea eta egituratzea edozein osasun larrialdiren aurrean ahalik eta hobekien" erantzun dezan.

"Alarma egoera amaituta, pandemiari aurre egiteko legea indargabeturik geratu da"

EH Bilduko bozeramailearen aburuz, Jaurlaritzako alderdiek "alarma egoeran eta alarma egoerarako pentsatutako lege bat planteatu dute, baina, behin alarma amaituta, indargabeturik geratu da 'de facto' neurri handi batean. Begirada estu eta epe motzeko horren ondorioz, ez dute inolako neurririk planteatzen ez pandemiak eragindako kalte ekonomikoak eta sozialak leuntzeko, ez ongizate eta osasun arloko zerbitzu publikoak indartzeko".

Alta, EAJ eta PSEren lege proposamenak "ikuspegi punitiboa soberan du", erantsi du Iriartek. "Artikulatuan Zigorren Atalak duen pisua desproportzionatua da, legearen %20 hartzen baitu. Guk, aldiz, atal hori argaltzea proposatzen dugu, eta isunen formula erabili beharrean, lan komunitarioen formula hobesten dugu".

"batetik, osasun sistema publikoa indartu eta ondo antolatu eta egituratu nahi dugu balizko osasun larrialdiei eta pandemiei aurrea hartzeko eta erantzun azkar eta egokia emateko moduan egongo garela bermatzeko; bestetik, pertsona bere osotasunean hartzea planteatzen dugu.

Iriarteren iritzian, "osasun larrialdi bat ezin da ikuspegi biologiko huts batetik soilik kudeatu; pertsona bere osotasunean kontuan hartu behar da ezinbestean, bere eskubideak, bere egoera ekonomikoa, bere egoera soziala…bere segurtasun bitala. Gure kideen zaintza eta babesa bermatzeko neurriak aktibatzea ezinbesteko bilakatzen da".

Hortaz, azaldu du bozeramaileak, "gizarte zerbitzuen arloko zuzenketa sorta proposatu dugu, esaterako, erresidentzietan gertatutakoa berriro gerta ez dadin, eta legearen kapitulu oso bat dedikatzen dugu babes neurriak zehaztera, funtsezkoa iruditzen zaigulako legeak herritarren segurtasun bitala bermatzea". Izan ere, "pandemia honetan ikusi dugun bezala, osasun larrialdiari aurre egiteko hartu behar izan diren neurri batzuek kalte handia egin diete sektore batzuei. Autonomoak, erregulazio espedienteetan sartu diren langileak, mikro-enpresak, enpresa txiki eta ertainak… sektore horiei guztiei babesa eman behar die legeak, gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko". Horretarako, EH Bilduk Diru-Sarrerak Bermatzeko Legea baliatzea proposatzen du, lege horretan zenbait moldaketa eginez sektore horien guztien beharrizanak behar bezala asetzeko.

Iriartek osasun larrialdi eta pandemiei aurre egiteko lege baten, aterki legal baten beharra dagoela esan du, baina EAJk eta PSEk proposatu dutena eskasa eta juridikoki ahula iruditzen zaio, "tramitazioan Legebiltzarretik pasa diren adituek ohartarazi dutenez".

PP+Cs: "LABI

Halaber, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidente eta PP+Cs taldeko legebiltzarkideak adierazi duenez, "LABI soberan dago" eta erakunde "inpartzial eta independentea" eskatu du.

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean, Iturgaizek uste du "berandu" datorrela EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek pandemiaren aurka adostutako legea, eta LABI "soberan" dagoela: "Erakunde inpartzial eta independentea behar da LABI ordezkatzeko, porrot egin duelako". Eusko Jaurlaritzari legea alderdien esku uztea egotzi dio, "epaileekin arazoak ez izateko".

Horrez gain, Unidas Podemosi "plastilinazko oposizioa" egitea: "EAJ babesten ari da, Madrilen EAJ behar duelako".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena