Politika
GAL
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Pili Zabalak B-Egiaz plataforma aurkeztu du Madrilen, Maria Jauregi, Juan Diego Botto eta Maria del Olmorekin batera. GALi buruzko egia osoa jakitea eskatzen dute.
Pili Zabala eta Maria Jauregi B-Egiaz plataformaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak baztertu egin du Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak GAL erakundearekin izan zuen lotura argitzeko ikerketa bat abiatzea. Pili Zabalak egin zuen eskaria artxibatu egin du, delituak preskribatuta daudela argudiatuta.
Pili Zabalak B-Egiaz plataforma aurkeztu du Madrilen, Maria Jauregi ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba, Juan Diego Botto aktore argentinarra eta Maria del Olmo historialaria ondoan zituela. Inpunitatearekin amaitzea eta GALi buruz egia osoa jakitea aldarrikatuko du plataforma berriak.
Agerraldi horretan jakinarazi du Pili Zabalak Felipe Gonzalez ikertzeko eskaria artxibatu egin dutela. Fiskaltzaren arabera, ezin da ikerketarik martxan jarri delituak duela 20 urte baino gehiago gertatu zirelako eta, Zigor Kodea aintzat hartuta, preskribatuta daudelako.
Joxi Zabala eta Joxean Lasa 1983an bahitu, torturatu eta erail zituen GALek. Hilotzak bi urte geroago topatu zituzten hobi batean, baina gorpuzkiak 1995ean identifikatu zituzten.
Zabalak, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako CIA inteligentziak zerbitzuak GALi buruz egindako txostena aurkeztu zuen froga moduan. Duela urtebete inguru publiko egindako agiri horren arabera, Felipe Gonzalezek GAL sorreran parte hartu zuen.
Fiskaltzak ikerketarik abiatuko ez badu ere, B-Egiaz plataformak "bitarteko judizial guztiak" erabiliko ditu, Estatuan nahiz nazioartean, GALek egindako krimen guztiak argitzeko eta erakunde terrorista horren atzean egon ziren arduradunak nortzuk izan ziren jakiteko.
Gizateriaren aurkako krimenak izan zirela azpimarratuta, estatuak delitu horiek ikertzera behartuta daudela gogoratu du. "Behin eta berriro ukatzen zaigu egia jakitea. Baina egiak ez du preskribatzen", nabarmendu du Zabalak.
Ildo horretan, Espainiako Gobernuko ordezkariei gutunak igorriko dizkiete gai honi heltzeko bilerak egiteko eskatuz.
Hala, Maria Jauregik ausardiaz jokatzeko eta arduraren zati bat bere gain har dezala galdegin dio Pedro Sanchezen Gobernuari. "Biktima guztiek egia jakin behar dute, zauriak itxi ahal izateko", erantsi du.
BIDEOA | B-Egiaz plataforma aurkeztu du Pili Zabalak Madrilen
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa