Politika
KORONABIRUSA
N. B. | EITB Media
Gainera, sozialistek uste dute posible dela Osasun Ministerioaren plana eta Euskadiren eskumenak bateragarri egitea.
Taberna bat Bilbon. Argazkia: Asier Sanchez.
PSE-EEk pandemiaren kudeaketan erkidego bakoitzaren "kasuistika" errespetatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, baita "horietako bakoitzean osasuna bermatzeko aurreikusitako mekanismoak" errespetatzeko ere, eta uste du posible dela "Osasun Ministerioaren planteamendua eta Euskadiren eskumenak bateragarri egitea".
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez zuen parte hartu, joan den asteazkenean, Osasun Ministerioak Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluan aurkeztutako dokumentuari buruzko eztabaidan eta bozketan; izan ere, dokumentu horrek ostalaritzako, aisialdiko, ekitaldietako edo baheketako ordutegiekin lotutako neurriak jasotzen zituen, EAEko erakundeen eskumenei eragiten dietelakoan.
Gaur goizean, Iñigo Urkulluk gaitzetsi egin du Ministerioaren jokabidea, eta ohartarazi du Euskadik bere ibilbide-orria jarraituko duela, "eskumenen inbasioaren eta nahasmenaren aurrean", Miquel Iceta Administrazio Publikoetako ministroak Lurralde Arteko Kontseiluan ezarritakoa betetzeko eskatzen zuen bitartean.
PSE-EEko iturriek esan dute ulertzen dutela "Espainiako Gobernuaren kezka eta gaueko aisiarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko gutxieneko komunak ezartzeko borondatea".
"Euskadin pandemia hilabete hauetan guztietan, hartu diren neurriekin eta gizarte osoak neurri horiei eman dien erantzunarekin arduratsuak eta zorrotzak izan garela azpimarratu nahi dugu. Hor daude LABIren eta Biziberri planaren erabakiak", gaineratu du.
Euskal sozialistek gaineratu dutenez, "neurri horiek eta beste batzuk", Alarma Estatuarekin lotutakoak adibidez, indarrean egon diren bitartean, Euskadiko errealitatera "egokitu" dira. "Osasun Ministerioaren planteamendua eta gure eskumenak bateragarri egitea posible dela uste dugu", gaineratu dute.
Bestalde, PSE-EEk esan du Espainiako Gobernuak ulertu egin behar duela "autonomia-erkidego bakoitzean dagoen egoeraren berezitasuna, baita arlo juridikoan ere", eta, ildo horretan, "Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken erabakiak" aipatu ditu.
"Espainia oso lurralde anitza da, eta autonomia bakoitzean gertatzen diren kasuistikak eta horietako bakoitzean aurreikusitako mekanismoak errespetatu behar direla uste dugu, osasuna bermatzeko eta gure ekonomia suspertzeko", gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa