10:57

Politika

biktimen oroimenerako zentroa

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa: Zer da eta zer ikusi ahal izango da?

Olatz Prat |eitb media

Eguerdian inauguratu dute Gasteizen Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa, 60ko hamarkadatik aurrera Espainiako Estatuan izandako terrorismoaren ibilbide historikoa eskaintzen duena.

1:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Terrorismoaren biktimak gogoratzea eta memoria kolektiboaren eraikuntza sustatzea, terrorismoaren deslegitimazioan eta balio demokratikoetan oinarrituta; horiek dira gaur Gasteizen inauguratu den Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren helburu nagusiak, izen bereko fundazioak bultzatutakoa.

Espainiako Bankuak Gasteizko Olagibel kalean zuen egoitza zaharra, hamarkada batez baino gehiagoz itxita egon zena, erabat birmoldatu dute Fundazioaren instalazioak eta gaurtik bisitatu ahal izango den erakusketa iraunkorra hartzeko.

Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Babesteko 22/2011 Legean du oinarri Fundazioak eta zentro honek, 2011ko irailean Espainiako Senatuak, aho batez onartutako lege horrek –Ezker abertzalea legez kanpo zegoen oraindik– fundazio bat sortzeko eta egoitza Euskal Herrian izango zuen Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazional bat abian jartzeko agintzen zuen. Gaur zabaldu ditu ateak, azkenean, zentro horrek.

ETBk Florencio Gonzalez zentroko zuzendaria elkarrizketatu du eta, azaldu du bisitariek historia topatuko dutela bertan, "azken hamarkadetako historia mingarria eta emozioa". Izan ere, erakusketan sartzen denak estatu espainiarrean terrorismoaren ibilbide historikoa egiteko gonbita jasoko du, testu, irudi, testigantza eta objektuen bidez, historiarekin bat eginez, baita emoziotik eta hausnarketatik ere.

Raul Lopez Romo Hezkuntza eta Erakusketa ataleko arduradunak adierazi duenez, " jendea hunkituta ateratzea nahi dugu, bai, baina helburua nagusia da terrorismoak eragindako gertaera tragikoei eta 50 urteko terrorismoak gizarteari eragin dionari buruzko informazio gehiagorekin ateratzea".

Erakusketak, gainera, dibulgazio-helburu argia du, batez ere bisitari gazteenen artean, giza eskubideekiko eta indarkeriaren gaitzespenarekiko konpromiso-jarrera sortzeko. "Helburua terrorismoaren biktimak gogoraraztea da, gizarteak gogoan izan ditzan, baina baita belaunaldi gazteek eurek zorionez bizi izan ez duten zerbaiten berri izan dezaten ere", azaldu du Gonzalezek.

60. hamarkadatik aurrerako biktimak

Ibilbide historikoa 1960an hasten da, ETAren sorrerarekin batera, Terrorismoaren Biktimen Legean abiapuntutzat hartzen den gertakaria. Denbora-marka horrek, besteak beste, Memoria Osoa mugimenduan bildutako hainbat elkarte memorialistaren kritika gogorrak eragin ditu, data hori baino lehenagoko terrorismoaren biktima direnekiko diskriminatzailea delakoan, besteak beste, frankismoaren milaka biktima. EH Bilduren ustez ere, azpiegitura horrek ez du "herri honetako biktimen zati handi bat aintzat hartzen". 

Era berean, Oroimen zentro honek ez ditu jasotzen 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertaerak, ez baitira terrorismoaren biktimatzat hartzen. Martxoaren 3ko elkartea eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak publikoki eskatu dute horiek ere jaso beharko lituzkeela zentroak, baina oraingoz ez dute lortu Biktimen Oroimenerako Fundazioak bere eskaera kontuan hartzea.

Erakusketan honetan ageri diren zifrak, beraz, 60. hamarkadatik aurrerako biktimei dagozkienak dira. 1453 guztira, horietatik 853 ETAren biktimak. Zentroak, halere, GRAPO, GAL, Terra Lliure edo EGPGC (Exercito Guerrilheiro do Povo Galego Ceive) taldeek terrorismo ekintzak ere erakusten ditu, bait eta jihadismoak espainiar estatuan egindakoak ere. Terrorismo mota guztien biktimei aitorpena egiten dien Europako lehen zentroa da eta munduan dauden gutxienetako bat.

Erakusketa iraunkorra lau atalen inguruan antolatu da. Bata, indarkeriaren testuinguruari buruzkoa, eta, bigarren atal bat Espainiako eta munduko terrorismoaren historiari buruzkoa; bertan, atentatu jihadista ezagunenei buruzko informazioa jaso da, New Yorkeko irailaren 11ko atentatuei buruzkoa, esaterako. Hirugarren atala terroristen ingurukoa da, haien historiei eta jardunari buruzkoa; eta laugarren atala erantzun polizialari, judizialari, herritarrari eta politikoari buruzkoa. Erakusketa finkoak ikus-entzunezkoak, manifestazioen irudiak eta mehatxuen benetako soinuak eta kartelak biltzen ditu, besteak beste, eta horiekin batera biktimen testigantzak.

Nabarmentzekoa da, halaber, ETAk 1996tik 1997ra bitartean Jose Antonio Ortega Lara 532 egunez bahituta izan zuen zuloaren eskala errealeko erreprodukzioa, 3 metro luze, 2,5 metro zabal eta 1,8 metroko barnealdeko altuera duena; kristalezko sabai batetik ikusi ahal izango da.

Dokumentazio zentroa

Zentroak, gainera, terrorismoan eta haren biktimengan espezializatutako dokumentazio-eremu bat du, herritarren eta bakearen aldeko mugimendu eta biktimen elkarte eta fundazioekin, segurtasun indarrekin edo talde terroristekin lotutako funtsak kontserbatzeko gune bat, eta funts horiek guztiak, izan bibliografikoak, dokumentalak, hemerografikoak, argazkiak edo ikus-entzunezkoak berreskuratzea, zentralizatzea eta digitalizatzea sustatuko du, gaur egun sakabanatuta eta, zenbait kasutan, egoera txarrean edo galtzeko arriskuan daudenak, batez ere.

Patronatuko kideak

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren Fundazioa (FCMVT) Estatuko sektore publikoko fundazioa da, Barne Ministerioari atxikita dagoena. Ohorezko presidentea Felipe VI.a Espainiako erregea da, eta Espainiako Gobernuko presidentea fundazio horren patronatuko presidentea ere bada. Patronatua osatzen dute, aurrekoez gain, Eusko Jaurlaritzako hiru kidek eta Nafarroako Gobernuko kide batek, gainerako autonomia-erkidegoetako eta hirietako ordezkari batek, Gasteizko alkateak, Gorte Nagusietako bi kidek eta terrorismoaren biktimen bi ordezkarik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena