Politika
INDULTUAK
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiako Gobernuko presidentearen ustez okerragoa litzateke gauzak 2017tik Katalunian dauden bezala uztea.
Poloniako lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak garrantzia kendu dio balizko indultuek izan dezaketen kostu politikoari, eta Katalunian elkarrizketan oinarritutako aro berri bat irekitzearen alde hitz egin du. Hala ere, ez du zehaztu indultuen inguruko erabakia noiz etorriko den.
Poloniako lehen ministroarekin astelehen honetan izandako bileraren ondotik, Kataluniako prozesuaren auzian zigortutakoei indultuak ematearen alde hitz egin du. Haren iritziz, Gobernuak "kontzienteki" hartuko du erabakia izan ditzakeen ondorio negatiboetan pentsatu gabe.
"Arazoak konpontzen laguntzeak ez du kosturik", azpimarratu du Sanchezek, eta ez du uste "gauzak dauden horretan" uztea hobea denik.
Sanchezen ustez, indultuen inguruko erabakiak "iragan txar batetik etorkizun hobe batera" igarotzeko eta "elkarrizketa, adiskidetasuna eta kohesioa" oinarri izango dituen aro berri bat irekitzeko aukera emango du.
Ez du zehaztu indultuen inguruko erabakia noiz etorriko den. Haren esanetan, Justizia Ministerioak alde guztien txostenak aztertu behar ditu, eta, ondoren, buruzagi independentista bakoitzaren espedienteak prestatu behar ditu.
Txosten horiek prest daudenean eramango omen dute erabakia Ministroen Kontseilura. "Ezin dut datarik eman", gaineratu du.
Kataluniako elkarrizketa mahaia berreskuratzeari buruz galdetuta, Sanchezek uste du aurrena Pere Aragones Generalitateko presidente berriarekin bildu behar duela: "Gero, nahi ditugun bilera guztiak egiteko denbora egongo da".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa