Politika
Biktimen Memoriarako Zentroa
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Koalizio subiranistaren arabera, azpiegitura horrek ez du "herri honetako biktimen zati handi bat aintzat hartzen".
Unai Urruzuno EH Bilduren legebiltzarkidea goizeko prentsaurrekoan. Irudia: EFE
EH Bilduren arabera, astearte honetan Gasteizen inauguratuko duten Biktimen Memoriala "arduragabekeria" da, "gure herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzea hipotekatu nahi baitu".
Zentzu horretan, "ezinezkoa da kontakizun begibakar batekin bakea eta elkarbizitza eraikitzea, ez baitu errealitatea begirada zabal, enpatiko eta, batez ere, inklusibo batetik ikusten eta entzuten", azpimarratu du, eta "gatazka konpontzeko parametroetara jo beharrean, guztiz kontrakoak diren eskemetan" sakontzen duela salatu du.
Eba Blanco eta Unai Urruzuno koalizio subiranistako legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, astearte honetan Gasteizen inauguratuko duten Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren harian. Bertan izango dira, besteak beste, Felipe VI.a erregea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea.
Beraien aburuz, azpiegitura horrek ez ditu herri honetako biktima guztiak aintzat hartzen, eta, gainera, "alde bateko eztabaida ez-inklusiboa eraikitzeko beste pieza bat izan nahi du".
EH Bilduren ordezkariak berretsi duenez, "bihar Gasteizen ekitaldi handinahitsu batekin inauguratuko dutena biktima batzuentzako memorial faranoikoa da; gainerako biktimek, frankismokoek, estatu-terrorismokoek eta giza eskubide urraketa oso larriak pairatutakoek, berriz, ez dute beren egia eta erreparazioa hartzeko lekurik". Gaineratu du "ahalik eta memoria dolu txikiena egin ahal izateko lekurik txikiena" ere ez dutela izango.
"Bunker memorialista"
Koalizio subiranistak salatu duenez, "bunker memorialista bat da, eta inola ere ez da memoria bizia, dinamikoa, enpatikoa eraikitzeko tresna bat. Aldi berean, bizikidetza eraikitzeko baino gehiago, "arma gisa asmatu da, kontakizun zehatz eta partzial bat finkatzen saiatzeko", azaldu du, eta gaineratu du "egiaren zati bat ezkutatzeko prest dagoen" memoriala dela," baldin eta horrek bere interesen alde egiten ez badu".
Ildo horretan gogorarazi du Memoriala "Madriletik eta Madrilerako diseinatutako azpiegitura bat" dela, Mariano Rajoyren garaikoa, "politikoki telegidatua euskal lurretan ezartzeko, Gasteizen hain zuzen ere, orduan horixe baitzuen azken feudoa gure herrian", azpimarratu du.
"Oso esanguratsua da, historiari buruz duen ikuspegi partzial eta interesatuaren erakusgarri, Gasteizen kokatutako memorial batek 1976ko martxoaren 3ko sarraskia kanpoan uztea", gaineratu du.
Bien bitartean, Hego Euskal Herriko biktimen 15 bat taldek osatutako Memoria Osoa sareak bilkura deitu du astearterako, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa inauguratu behar dutela eta. Salatu dutenez, zentroak "ikuspegi diskriminatzailea" du, "kanpoan" uzten dituelako Estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa