13:06

Politika

Inaugurazioa Gasteizen

Biktimen Zentroaren aurkako bilkura deitu dute, duen "ikuspegi baztertzaileagatik"

E. G. | EITB MEDIA

Memoria Osoa sareak (15 bat biktima elkarte batzen dituena) salatu du Zentroak "kanpoan" uzten dituela Estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima.

  • Memoria Osoa sareko ordezkariak, prentsaurrekoan.

    Memoria Osoa sareko ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hego Euskal Herriko biktimen 15 bat taldek osatutako Memoria Osoa sareak bilkura deitu du astearterako Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentroa inauguratu behar dutela eta. Salatu dutenez, Zentroak "ikuspegi diskriminatzailea" du, "kanpoan" uzten dituelako Estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima.

Memoria Osoa sareko kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gasteizen, eta Zentroaren aurkako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei; bilkurarako arrazoiak manifestu batean bildu dituzte. Azaldu dutenez, zentroa "bizikidetzaren aurkako erasoa da, planteamendu baztertzaile batean oinarritzen delako, Estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima kanpoan uzten ditu".

Nerea Martinez Martxoak 3ko bozeramaile eta Memoria Osoa sarearen kideetako batek irakurritako manifestuan kritikatzen denez, 1960tik aurrerako biktimak aintzat hartzen ditu Gasteizen bihar inauguratuko duten zentroak, eta beraz, ez dator bat "estatu-terrorismoak bere forma ugarietan lehenago eta geroago eragindako sufrimenduaren mapan jaso behar den errealitatearekin: fusilamenduak, epaiketaz kanpoko exekuzioak, tortura..."

Memoria Osoa sareak uste du zentroaren "planteamendu diskriminatzaile" horrek talka egiten duela "euskal gizarteak, bere aniztasunetik, bizikidetza eraikitzeko prozesuaren inguruan adierazi duen espiritu eta bokazioa"rekin.

"Giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eta dinamika eraikitzaileak, integralak, behar ditugu", azpimarratu dute. Euren iritzian, "ikuspegi diskriminatzailea" duen zentro hori "arazo bat da bizikidetzarako".

"Mintzen gaituena da gure herriaren bihotzean horrelako planteamendu diskriminatzailea duen eraikina inposatzea, gure administrazioen babesarekin, gainera", laburbildu dute.

Elkarretaratzea Gasteizko Foru plazan egingo dute, 12:00etan. Sare horren partaide dira, besteak beste, Martxoak 3 elkartea, Durango 1936, Gernika Memoriaren Lekuko, Gernika batzordea edota Sanfermines 78 gogoan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena