Politika
SOZIOMETROA
O. A. | EITB MEDIA
Soziometroaren arabera, beren ordezkaritza mantenduko lukete EAJk (31), PSE-EEk (10) eta Voxek (1). EH Bilduk (22) eta PP+Cs-k (7) eserleku bana irabaziko lukete Elkarrekin Podemos-IUren (4) kaltetan.
EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta 2020ko emaitzak errepikatuko lituzke, Eusko Jaurlaritzak EAEko hauteskundeetarako boto-asmoari buruz gaur kaleratu duen inkestaren arabera. Egungo eserleku kopuruari eutsiko lieke EAJk (31), PSE-EEk (10) eta Voxek (1). Elkarrekin Podemos-IU litzateke kaltetuena, bi ordezkari galduta, 6tik 4ra pasatuko litzateke, eta legebiltzarkide bana irabaziko lukete EH Bilduk (22) eta PP+Cs-k (7). Soziometroaren arabera, beraz, pandemiaren kudeaketak ez luke hauteskunde emaitzetan ondoriorik izango koalizio gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdientzat. Are gehiago, gehiengo osoa izango lukete berriro.
EAJk jarraituko luke lehen indarra izaten (31 eserleku), EH Bilduren (22) eta PSE-EEren (10) aurretik. PP+Cs koalizioa laugarren postura igoko litzateke (7) Elkarrekin Podemos-IUri aurrea hartuta (4). Halaber, Voxek bere eserlekuari eutsiko lioke, Araban.
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, eserlekuen banaketa hauxe izango litzateke:
- Araba: EAJ 9, EH Bildu 6, PSE-EE 4, PP+Cs 4, Elkarrekin Podemos-IU 1, Vox 1
- Bizkaia: EAJ 12, EH Bildu 6, PSE-EE 3, Elkarrekin Podemos-IU 2, PP+Cs 2
- Gipuzkoa: EAJ 10, EH Bildu 10, PSE-EE 3, Elkarrekin Podemos-IU 1, PP+Cs 1
Araban, 2020ko hauteskundeekiko aldaketa bakarra egongo litzateke. Elkarrekin Podemos-IUk ordezkari bat galduko luke PP+Csren mesedetan. Gainerakoan, aldaketarik ez. EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak (9), eta EH Bildu (6), PSE-EE (4), PP+Cs (4), Elkarrekin Podemos-IU (1) eta Vox (1) geratuko lirateke ondoren.
Bizkaian, ez litzateke aldaketarik izango legebiltzarkideen banaketari dagokionez.
Gipuzkoan, Araban bezala, Elkarrekin Podemos-IUk legebiltzarkide bat galduko luke, eta kasu honetan koalizio moreak galdutako ordezkaria EH Bilduk irabaziko luke. 9 ordezkari izatetik 10 izatera pasatuko litzateke, eta EAJrekin berdinduta geratuko litzateke. Boto estimazioari erreparatuta, % 0,3ko aldea legoke EAJren (% 35,3) eta EH Bilduren artean (% 35,0), jeltzaleen alde.
Inkesta maiatzaren 17tik 21era bitartean egin zuten, 18 urtetik gorako 3.333 pertsonari telefonoz deituta. Guztira, 800 pertsonak parte hartu zuten Araban, 1,449k Bizkaian eta 1.084k Gipuzkoan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa