Politika
Katalunia
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gobernuko 14 kontseilari berrien kargu hartze ekitaldian, "gatazka autodeterminazio eskubidea baliatuz" konpontzeko deia egin du Generalitateko presidenteak.
Aragones, Puignero presidenteordeak kargua hartu berritan. Argazkia: EFE
Pere Aragones Kataluniako presidente berriak nabarmendu duenez, "preso eta erbesteratuak erabat aske geratzeko" konpromisoa du, baita Kataluniaren independentzia lortzeko ere.
Aragonesek Kataluniako Gobernu berriko 14 kontseilarien kargu hartze ekitaldian egin ditu adierazpenak, Generalitateko jauregian.
Presidente karguaz jabetzeko ekitaldian ez bezala, gaur aipamen zehatza egin die Generalitatean bere aurretik ibilitakoei: "Urriaren 1eko erreferenduma tarteko, batzuk kartzelan daude, beste batzuk erbestean".
Horien lekukoa hartu dutenei, kontseilari berriei alegia, "etenik gabe lan egitea" eskatu die "denontzako ongizatezko etorkizun baten alde", baina baita, "Estatuarekin dugun gatazkari autodeterminazio eskubidea eta amnistia baliatuz bide ematea ere".
Zortzi emakume eta sei gizon gobernu berrian
Aragonesek berak nabarmendu duenez, emakumeak dira nagusi Kataluniako Gobernu berrian (zortzi eta sei, hurrenez hurren). Juntsek proposatuta, Jordi Puignero (albiste honekin batera doan argazkian) izango da presidenteorde eta Politika Digital eta Azpiegitura kontseilaria. Laura Vilagra ERCko buruzagi eta Aragonesen 'bigarrenak', bestalde, Presidentetza Kontseilaritza hartuko du bere gain.
Junts per Catalunyak proposatutako kontseilarien hauek daude: Jaume Giro Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izango da, Josep Maria Argimonek, aldiz, Osasunaren ardura hartuko du eta Victoria Alsina Generalitateak AEBn zuen ordezkariak, berriz, Atzerri Ekintza eta Gardentasun Kontseilaritzarena.
Halaber, orain arte Juntsen bozeramaile parlamentarioa izan dena, Gemma Geis, Ikerketa eta Unibertsitate kontseilari izango da aurrerantzean eta Lourdes Ciuro diputatu ohi eta PDeCATeko buruzagi izandakoa Justizia Kontseilaritzaren buru jarri dute. Azkenik, Violant Cervera Eskubide Sozialen kontseilari izendatu dute.
ERCk proposatutakoen artean, honakoak daude: Joan Ignasi Elena Barne kontseilari gisa, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidente ohia Enpresa eta Lan kontseilari bezala, eta Teresa Jorda Ekintza Klimatikoa, Nekazaritza eta Elikadura Kontseilaritzaren buru.
Hezkuntza Departamentua gidatzeko Josep Gonzalez-Cambray aukeratu du Aragonesek, eta Kulturan, Natalia Garriga. Azkenik, Feminismoen eta Berdintasun Kontseilaritzarako Tania Verge independentea izendatu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa