14:17

Politika

INBESTIDURA

Pere Aragones, Kataluniako presidente: "Legeak aldatzea posible izan behar da"

EITB MEDIA | AGENTZIAK

ERCren 33 botoak ez ezik, JxCaten 32 botoak eta CUPen 9ak ere jaso ditu. Quim Torra eta Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta Oriol Junqueras ERCko buruzagia inbestidura saioan izan dira.

1:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pere Aragones ERCko hautagaia Generalitateko 132. presidente izendatu dute gaur; ERCren 33 botoak ez ezik, JxCaten 32 botoak eta CUPen 9ak ere jaso ditu.

Saioa Voxen hitzaldiarekin hasi da. Ondoren, CUPek, En Comu Podemek, Ciudadanosek eta PPk hartu dute hitza.

Ultraeskuineko alderdia "oposizio nagusia" izango direla esan du Ignacio Garriga Voxeko bozeramaileak, eta "batasun nazionala azkenera arte" defendatuko dutela adierazi du.

Dolors Sabater CUPeko ordezkariak ohartarazi duenez, Aragones presidente izendatzeko botoak ez dira "txeke zuri bat" izango. Horregatik, konpromisoak betetzeko eskatu dio ERCri, bestela, "ez diolako gehiengo parlamentarioari eutsiko".

Jessica Albiach En Comu Podemeko buruzagiaren hitzetan, gobernu berriak ez du aro aldaketarik ekarriko Katalunian. Exekutibo berria "zaharkitze programatu" batekin jaio dela esan du.

Aragones: "Gure muga Kataluniako herritarren borondatea izango da"

Carlos Carrizosa Ciutadanseko ordezkariaren ahotan, Aragonesek "kontagailua hutsean jartzeko eta guztientzat gobernatzeko aukera du orain", baina zalantzan jarri du.

Eskoziakoa bezalako erreferendum bat nahi baldin badu legea errespetatu behar direla esan dio Alejandro Fernandez PPko ordezkariak Aragonesi: "Eskoziarrek legea errespetatu dute, hori da ezberdintasun nagusia. Eskoziarrengandik ikasi behar dutenek, edozelan ere, zuek zarete".

Alderdiei erantzuteko txandetan, Pere Aragones Generalitateko presidente berriak politikari presoak ez direla gaizkileak nabarmendu du: "Herriaren zerbitzariak dira, eta haien konpromisoaren mailan egoteko lan egingo dugu".

Gainera, Parlamentua bi aldiz bakarrik itxita egon dela gogorarazi du: diktadura frankistan eta "155. artikuluagatik". "Ixten duten bakoitzean, zabaldu egingo dugu", esan du.

Legeek herriaren borondatea ezin dutela mugatu azpimarratu du Aragonesek: "Legeak aldatzea posible izan behar da".

"Kataluniako herritarren borondatea izango da gure muga, baita gure herriaren kohesio soziala ere, oso argi dugu. Ez dugu kohesio sozialarekin eta giza eskubideenganako eta gure erakundeenganako errespetuarekin jokatuko", azpimarratu du.

Aragonesen esanetan, "orain gatazka politikoa konpondu behar dugu, elkarrizketarekin eta negoziazioarekin, herrialde aurreratuek bezala", eta eredu bezala Eskozia jarri du.

0:46

Quim Torra eta Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta Oriol Junqueras ERCko buruzagia inbestidura saioan izan dira.

Torra saioa hasi baino lehen heldu da, eta Mas eta Junqueras geroago heldu dira. Ganbera alboko areto batetik jarraitu dute saioa, osasun neurriak bermatzeko; izan ere, diputatuek bete dituzte Parlamentuko eserlekuak eta palkoak.

Oriol Junqueras 10:45 inguruan iritsi da Kataluniako Parlamentura, eta ERCko ordezkaritza bat izan du zain, alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

"Oso kontent nago. Zuek ere bai, suposatzen dut, baina ni gehiago", esan die kazetariei txantxetan; izan ere, ERCko kide bat Generalitateko presidente da, 41 urte geroago.

Adostasun zabalak eta gehiengo parlamentarioak aldarrikatu ditu Junquerasek, independentziarantz bidea egiteko: "Adostasun zabalak Parlamentuan eraiki behar dira, eta gizarte osoarekin. Erreferenduma saihestezina da".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena