Itxi

Politika

Alarma-egoeraren amaiera

Pandemiari aurre egiteko legea Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela abisatu dute

EITB MEDIA | AGENTZIAK

EHUko irakasleen arabera, Eusko Jaurlaritzak ez du eskumenik oinarrizko eskubideak murrizteko eta, beraz, ez luke aukerarik izango zirkulazio librea eta bilera sozialak mugatzeko, besteak beste.

  • Idoia Mendia, Josu Erkoreka eta Iñigo Urkullu Legebiltzarrean.

    Idoia Mendia, Josu Erkoreka eta Iñigo Urkullu Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE

EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakasleek ohartarazi dute Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren pandemiari aurre egiteko legea Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela.

Ainhoa Lasa eta Javier Tajadura irakasleak Osasun Batzordean izan dira gaur, balizko arau berriari buruzko iritziak emateko. Halaber, bilera horretan izan da Satse sindikatuko Amaia Maior idazkari nagusia. Lege berrian osasun sistema publikoa indartzeko neurririk ez dagoela kritikatu du.

EAJk eta PSE-EEk bultzatutako legeak, besteak beste, bost alerta maila eta 100 eta 600.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu. Era berean, hainbat neurri orokor biltzen ditu: pertsonen arteko segurtasun tarteari, musukoaren erabilerari, koarentenari edo aireztapenari lotutakoak.

Neurri gogorren artean, berriz, ondokoak aipatzen ditu: funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoen etetea, klaseak telematikoki ematea, konfinamendu indibidualak edo kolektiboak agintzea eta kutsatze gehien ematen diren jardueren itxiera.

Ainhoa Lasa irakaslearen arabera, pandemiari aurre egiteko lege-proposamenaren zirriborroan jasotako neurri askok ez dute babes juridiko nahikorik, “oinarrizko eskubideak murrizteko erabakiak Gorte Orokorretan soilik hartu daitezkeelako”.

Hala, Legebiltzarrak eskumena izango luke establezimendu publikoetako edukiera mugatzeko edo kutsatuta dauden pertsonei koarentena gorde dezatela agintzeko, baina ez konfinamenduak ezartzeko edo bilera sozialak murrizteko.

Alderdi politiko batzuek osasun publikoko neurri berezien legea erreformatzea proposatu dutela eta, Lasak uste du horrekin ere ez litzatekeela nahikoa izango oinarrizko eskubideak orokorrean mugatzeko.

Bere esanetan, Eusko Jaurlaritzak zona konkretu batean izandako agerraldiei aurre egiteko murrizketak ezarri ahalko lituzke. Halaber, prebentzioari lotutako neurriak eta enpresetan aplikatu beharreko segurtasun protokoloak erabakitzeko ahalmena izango luke.

Javier Tajadura irakasleak ere ildo beretik hitz egin du eta esan du Eusko Jaurlaritzak badituela tresnak pandemia bat kudeatzeko, baina ez duela eskumenik oinarrizko eskubideak murrizteko, hori Gorte Orokorren eta lege organikoaren bidez soilik egin daitekeelako.

“Ez dago Legebiltzarraren esku pandemiari aurre egiteko ezohiko lege bat egitea eta Eusko Jaurlaritzari salbuespeneko boterea ematea zirkulazio librea edo taldean biltzeko eskubidea mugatzeko”, adierazi du.  

Edonola ere, gogora ekarri du Iñigo Urkullu lehendakariak baduela aukera Espainiako Gobernuari eskatzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alarma-egoera ezar dezala, kudeaketa bere esku utzita.  

Bestalde, Amaia Maior Satseko ordezkariak ohartarazi du lege-proposamenak ez duela inolako neurririk aipatzen osasun sistema publikoa indartzeko. Alderantziz, neurri guztiak biltzeko edo manifestaziorako eskubideak mugatzera zuzenduta daudela kritikatu du.

Ospitale eta osasun zentroetan dagoen “gehiegizko lan-zama” pandemiaren ondorioa soilik ez dela azpimarratuta, azken urteotan osasun publikoan behar beste inbertitu ez dela eta langileen lan-baldintzak okertu egin direla salatu du.

Ildo horretan, pandemiari aurre egiteko lege berrian profesional gehiago kontratatzea aurreikusten ez dela deitoratu du.