Politika
Zaldibarko zabortegia
EiTB Media
"Zabortegiaren kontrola Jaurlaritzaren erantzukizuna zen", gogorarazi du EH Bilduk."Familiak zer gertatu den jakiteko eskubidea du", aldarrikatu du Elkarrekin Podemosek.
Eitzagako zabortegia, Zaldibarren (Bizkaia). Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak Joaquin Beltran topatzeko bilaketa amaitutzat jo ondoren, “gaur egun beltza eta tristea da Euskal Herriko historian”, esan du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Horregatik, langilearen familiari “elkartasuna, maitasuna, gertutasuna eta ulermena”, agertu dio.
Senideen “amesgaiztoa egia bilakatu da; zabortegira eraman beharko dituzte loreak”, deitoratu duenez.
EH Bilduk Jaurlaritzari Zaldibarko zabortegiaren inguruko galdera egin behar zion Legebiltzarreko kontrol saioan, baina azkenean atzera botatzea erabaki du. “Ez da ika-mikarako unea”, azaldu du Oterok. “Kendu dugu, Jaurlaritzako ordezkariek prentsaurrekoan, hemen, erantzun dutelako”. “Ez etsitzea eskatu nahi genien”, erantsi duenez.
“Galdera luzatu aurretik, etsi dute, beraz ez zuen zentzurik”, azpimarratu du. Hala ere, “moduak harridura sortu digu”, onartu duenez. “Dokumentu bat aurkeztu dute, guri ez digutena aurkeztu”, kritikatu du.
EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, “helburu bat ez da bete, Jaurlaritzak bere buruari ezarritako xede bat, lehenetsi zuten: Alberto eta Joaquin topatzea, ezin izan dute bete, gerta zitekeen”.
“Bilatu da, eta bilaketa lanak bukatu dira, zabortegi bat erori zelako, baina erori izan ez balitz gaurko albistea ez genuen izango”, gogorarazi du Oterok, “hori da gure irakurketa politiko nagusia”.
“Zabortegiaren kontrola Jaurlaritzaren erantzukizuna zen”, nabarmendu du. “Erantzukizunak ez dira argitu eta garbitu”, salatu duenez. Zentzu horretan, “zaborren kudeaketa ez da aldatu azken 15 hilabeteetan, ez dago berme nahikorik, berriz ez gertatzeko”, ohartarazi du.
“Bagenekien une hau iritsi behar zela, baina ez gaur heldu behar zenik, eta modu honetan”, jakitera eman du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. “Astelehenean zabortegian egon ginen, eta ez ziguten ezer esan”, gaineratu duenez.
“Gobernu honen kudeaketa ona mito bat denaren adibide da Zaldibar”, nabarmendu du. “Zabortegi honen eta besteen erabateko kontrol falta, ilusntasuna, erantzukizun penalak eta politikoak ez onartzea; inork ez du erantzukizunik onartu”, salatu du.
“Familiak zer gertatu den jakiteko eskubidea du”, aldarrikatu du. Horregatik, erantzukizun penalak eta politikoak “premiaz” argitzea eskatu du.
“Babes eta elkartasun adierazpenak ez dira nahikoa”, aurpegiratu du. Gainera, “zabor kudeaketa eredua aldatu behar da”, uste du.
Bestalde, “EAJren kudeaketa porrot ikaragarria izan da”, esan du Carlos Iturgaiz PP+C’s koalizioko bozeramaileak. “Gaizki hasten dena, gaizki bukatzen da”, erantsi du.
Euskadiko PPren buruzagiaren ahotan, “ez da erantzukizun politikorik onartu”. Zentzu horretan, EAJren “iluntasuna” salatu du.
Iturgaizen esanetan, Eusko Jaurlaritzak Joaquin Beltran “lur azpian” uztea erabaki du, “euskal gizartearen gehiengoa zur eta lur utziz”.
“EAJren kudeaketa onaren mitoa Zaldibarko zabortegian lurperatu dute”, adierazi du PP+C’seko bozeramaileak. Exekutiboari “gaitasun eza eta kudeaketa kaskarra” leporatu dio.
Gainera, Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen senideei elkartasuna eta babesa adierazi die. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Ganberan “premiazko” agerraldia egitea eskatu dutela iragarri du Iturgaizek.
Voxek Jaurlaritzaren erabakia “sakon” deitoratu eta “kudeaketa negargarria” salatu du. Zentzu horretan, Gobernuak Espainiako Armadaren (UME) laguntza errefusatu izana kritikatu du.
Urkulluren Exekutiboak “behin eta berriro” Espainiako Armadaren esku-hartzea arbuiatu du, eta UMEk langilearen “familiari bakea emateko orduen ekarpena egin zezakeen”, azaldu du ultraeskuineko alderdiak ohar batean.
"Azkenera arte iristea" eskatu dute sindikatuek
Erantzukizun politikoak garbitzea eskatu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek, baita “azkenera arte iristea” ere.
Sindikatuen arabera, Jaurlaritzak “auzia gainetik kendu nahi du, erantzukizunak saihestuz eta Verter Recycling iritzi publikoaren aurrean errundun bakar bezala aurkeztuz”.
“Eta Iñigo Urkullu lehendakaria non dago? Zaldibarko hondamendia gertatu eta hurrengo egunetan bezalaxe, gaur ere ez du aurpegirik eman”, kritikatu dute.
Zabortegiaren kudeaketa “negargarria” izan dela errepikatu dute sindikatuek. “Amiantoa eta zabor arriskutsuak legez kanpo” pilatzen ari ziren “kontrolik gabe”, salatu dutenez.
Sindikatuen ahotan, Verter Recyclingek “hildako langileengatik eta jarduera klientelar, ilun, ez jasangarri eta arriskutsuagatik erantzukizun zuzena du”, baina “arlo publikoak erantzukizun politikoa du”.
“Arduradunek izen, abizen eta erantzukizun politikoak dituzte. Iñigo Urkulluk zuzendutako Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak erantzukizun politiko zuzena dute”, azpimarratu dute.
“Arduradun nagusien artean, ezbairik gabe, patronala dago, indarrean dagoen legedia ez zelako betetzen ari”, zaborren kudeaketan, gaineratu dutenez.
“Patronala ez salatzean, Administrazio Publikoa bera ere konplize bihurtu da, egoera aldatzeko zaintza, kontrol eta babes neurririk hartu ez duelako”, berretsi dute.
Otegi: "Azkenean guztiok ordainduko dugu"
Zaldibarko zabortegiaren auzian erantzukizunak onartzeko eskatu dio Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Eusko Jaurlaritzari. Bestalde, Verter Recycling enpresak egindako lanen gastuak ordainduko ez dituela uste du: “Azkenean guztiok ordainduko dugu”.
Eusko Jaurlaritzak Joaquin Beltran, desagertutako langilea, bilatzeko lanak bukatutzat eman izana deitoratu du Otegik ETB1eko 'Egunon Euskadi' saioan. “Lehen erreakzioa termino humanoetan egin behar da, segur aski familiarentzat oso albiste penagarria da, bizitza osoan beraiekin eramango duten zama bat delako”, adierazi du.
Bigarrenik, Zaldibarko irudiak ikusita, “termino filosofikoetan, hau da guk 'progresoa' deitzen diogun mendea eta egoera”, kritikatu du. “Hori da guretzat progresoa, ama lurrarekiko harremana, sistema produktibo intentsiboa, ekologikoki jasangarria ez dena”, salatu du.
“Esango nuke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoetan nolabait ere beti dagoela tentaldi bat ardura beste toki batean jartzeko”, azaldu du EH Bilduko buruzagiak.
“Birusa asko hedatzen bada, jendearen arazoa da; AHT 'trentxo' bat baldin bada, Madrilen ardura da; Donostiako metroan zuloak agertzen badira, badakigu hondartzan area dagoela; beti pilota beste toki batzuetara botatzen da, eta hori ez da onargarria. Administrazio publiko batek baditu ardurak, eta bete behar ditu”, esan du Otegik.
“Guk bere garaian esan genuen zaborren kudeaketa nazionalizatu egin behar dela, jendea igual izutu egingo da, baina bai, nazionalizatu egin behar da, zaborrak administrazio publikoaren esku egon behar dira”, nabarmendu du.
“Ezin daitezke esku pribatuetan utzi, esku pribatuetan uzten direnean dirua irabaztea besterik ez dutelako helburu; badaude gauza batzuk merkatuaren legearen pean utzi ezin direnak”, berretsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa