06:20

Politika

TRANSFERENTZIAK

Gaur sinatuko da EAEko kartzelen transferentzia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Urriaren 1era arte ez dira, dena dela, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak izango. Une honetan 966 pertsona daude Martutenen, Basaurin eta Zaballan espetxeratuta.

  • Zaballako kartzela da EAEko berriena eta handiena.

    Zaballako kartzela da EAEko berriena eta handiena. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaur sinatuko dute EAEko hiru espetxeen kudeaketa (Martutene, Basauri eta Zaballa) Eusko Jaurlaritzaren esku utziko duen akordioa, baina transferentzia ez da urriaren 1era arte egikarituko.

Gaur lau eskumen eskualdatuko dituzte Bilbon; beste hirurak txikiagoak dira (errepide bidezko garraioa, Identifikazio Bibliografikoko Nazioarteko Kodea eta Ondarroako Itsas Barrutia), eta polemika piztu duen bakarra espetxeena da, orain arte Kataluniak bakarrik kudeatzen baitzuen erkidego mailan.

Duela 41 urte Gernikako Estatutuan aurreikusitako transferentzia da kartzeletakoa.

Gaur sinatzen denetik aurtengo urriaren 1era arte, aldi iragankor bat irekiko da, kudeaketa egokitzeko. Besteak beste, espetxeei ematen zaizkien zerbitzuen kontratuen subrogazioa bideratzeko balioko du epe horrek.

Aldaketak eragina izango du presoengan zein langileengan

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru espetxeetan 966 preso daude (888 gizon eta 78 emakume) gaur egun: Basaurikoan (Bizkaian), 149; Zaballan, (Araba) -handiena eta modernoena-, 623, eta Martutenen (Gipuzkoa), 194.

Hiru eraikinak Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira. Gainera, Zubietako (Gipuzkoa) espetxe berria amaitzen denean, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da hori ere, eta Martutene Espainiako Gobernuari itzuli eta itxi egingo da.

Zubietako eraikuntza lanak martxoan esleitu zituen Espainiako Gobernuak, 39 milioitan, eta 2023ko udaberrian irekitzea aurreikusten da.

Transferentziak Langraitzeko kartzela zaharraren eraikina ere barne hartzen du (itxita dago), eta eraikin hori ere Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da.

Halaber, Jaurlaritzari transferituko dizkiote hiru espetxeetako langileak: 620 funtzionario eta 50 lan kontratuko langile. Estatuaren eskutik erkidegoaren eskuetara igaro diren aurreko kasuetan -justizia administraziokoan, adibidez-, soldata igoerak izan dira, eta euskararen erabilera ere igo egin da. Oraingo honetan zer gertatzen den ikusi egin beharko da.

Akordioa 70 milioi eurokoa dela zenbatetsi da. Kalkulua egiteko, EAEk Estatuari kupoarekin ordaintzen dion % 6,24 hori aplikatu zaio  -ñabarduraren batekin- Espetxe Gaietarako Estatuak duen 1.121 milioiko aurrekontuari. Etorkizunean, Eusko Jaurlaritzak 70 milioi horiek deskontatu egingo ditu Estatuari urtero ordaintzen dion kupotik.

2023an ixtea aurreikusten da Martuteneko kartzela. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

Eskualdatzen dena

Espetxeen kudeaketa transferitzen da, hau da, espetxeen antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko eskumena. Legezkotasuna, espetxeetako arauak eta erregelamenduak osatzen dutena, berdina da Estatu osorako.

Legedi horren arabera, espetxe bakoitzeko tratamendu batzordeek erabakitzen dute, adibidez, lekualdatzeak edo gradu aurrerapenak proposatzea, hori guztia espetxe zaintzako epaileak gainbegiratuta.

Eta puntu horrek eragin du polemika politiko handiena, PPk eta Voxek uste baitute transferentziak ETAko presoei mesede egin diezaiekeela. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak argi utzi du "ETAko presoek eta gainerakoek tratu berdina" jasoko dutela, eta ildo berean, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak berretsi du "preso guztiei berdin" aplikatuko zaiela legea.

Gaur egun, aipatutako hiru espetxeetan ETAko 30 preso baino ez daude. Azken urtean izan diren etengabeko hurbilketak gertuko espetxeetara izan dira, baina oso gutxi Euskal Herrira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena