Politika
Iglesiasen agurra eta gero
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Ione Belarra alderdi moreko idazkari nagusia izango litzateke eta Yolanda Diazek Unidas Podemos koalizioa zuzenduko luke. Oraingoz ez dute asanblada egiteko datarik zehaztu.
Ione Belarra, Podemosen hauteskunde ekitaldi batean, Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE
Ione Belarra Eskubide Sozialen ministro nafarrak bere hautagaitza aurkeztuko du Podemoseko idazkari nagusi izateko, Pablo Iglesiasek politika utzi eta gero.
Europa Press agentziak baieztatu ahal izan duenez, Belarrak aurrera pauso hori emateko erabakia hartu du, baina Podemosen Asanblada Herritarra iragarri arte itxarongo du hautagaitza aurkezteko.
Halaber, ia erabakita dago alderdiak bi buru izango dituela: bata, idazkari nagusia (Ione Belarrak beteko lukeena) eta bestea, Espainiako hauteskundeetarako hautagaia, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta ministroak haragituko lukeena.
Alderdiak emakume bat nahi du Podemos gidatzeko, eta Belarrak aukera asko ditu bere profilagatik.
Politikari nafarra alderdiaren zuzendaritzaren parte da, Iglesiasen sokakoa, eta ondo ezagutzen ditu Podemosen barruak (hainbat kargu izan ditu eta). Horrez gain, ondo konpontzen da beste buruzagi batzuekin, hala nola, Irene Montero eta Yolanda Diaz Berdintasun eta Lan ministroekin.
Gainera, bera izan zen Iglesiasek utzitako Ministerioa hartu zuena, azken horrek Madrilgo zerrendaburua izateko hautua egin zuenean.
Podemosen iturrien arabera, Diaz ezin da idazkari nagusi izan ez baita alderdiko afiliatua (Alderdi Komunistako militantea da). Alderdiko estatutuek argi diote Podemosen Idazkaritza Nagusirako hautagai izateko gutxienez sei hilabeteko militantzia izan behar dela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa