Politika
PROFILA
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Pedro Sanchezen gobernutik irten, Madrilgo Erkidegoko hauteskundeetara aurkeztu eta bosgarren postuan gelditu ostean, politika utzi du.
Pablo Iglesias, bere agurreko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Albisteak (1)
Zazpi urteko ibilbide politikoaren ondotik, Pablo Iglesiasek politika utzi du. Bere hastapenetan, "kastari" eta "bipartidismoari" aurre egiteko ikur izan zen, baina pixkanaka-pixkanaka bere itzala apalduz joan da. Espainiako Gobernuko presidenteorde zela, gobernua utzi zuen maiatzaren 4ko Madrilgo Erkidegoko hauteskundeetan Unidas Podemosen presidentegai izateko. 10 diputaturekin bosgarren postuan gelditu ostean, albo batera egin eta politikagintzan dituen ardura guztiak utzi ditu.
Pablo Iglesias 1978ko urriaren 17an jaio zen Madrilgo Vallecas auzoan. Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroaren bikotekide ez ezik, hiru seme-alabaren aita da.
Zuzenbidean eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da Complutense Unibertsitatean.
Complutense Unibertsitatean Zientzia Politikoetako irakasle izan ondoren, politikaren lehen lerrora salto egin zuen 2014an, aurrez telebistako hainbat eztabaida saiotan aurkezle eta solaskide gisa ezaguna bazen ere.
M15 mugimendua Podemos alderdiaren hazia izan zen. Hain zuzen ere, Podemos alderdiaren sorrera iragarri zuen 2014ko urtarrilean. Alderdiaren sorreran parte hartu zuten Pablo Iglesiasesek ez ezik, Iñigo Errejonek, Juan Carlos Monederok, Carolina Bescansak edo Luis Alegrek, Teresa Rodriguezek eta Miguel Urbanek.
Podemosen Espainiako politikagintza irauli zuen, "kastaren" eta "bipartidismoaren" aurka eta birsorkuntza politikoaren alde egindako diskurtsoarekin. 2014ko Europako hauteskundeetan bost eserleku lortu zituen, 1.245.948 botorekin (emandako botoen % 7,97).
Urtebete geroago, iritsi zen alderdi morearen eztanda. Hauteskunde orokorretan bost milioi boto baino gehiago lortu zituen (% 20,66) eta Diputatuen Kongresuan 69 parlamentarirekin sartu zen, PSOErengandik 300.000 boto eskasera.
2015eko ekaineko hauteskundeak errepikatu ziren eta orduan Podemos eta IU elkarrekin aurkeztu ziren Unidas Podemos markaren baitan. Bi alderdien batuketak ez zuen PSOEri aurrea hartzeko balio izan. 71 diputatu lortu zituzten, milioi bat boto galduta.
Podemos sortu zutenen artean Juan Carlos Monedero izan da Pablo Iglesiasekiko leial mantendu den bakarra. Beste fundatzaile gehienak alderdiko buruarengandik urrundu dira. Hori izan da Iñigo Errejon, Carolina Bescansa eta Luis Alegreren kasua. Iñigo Errejonek, gainera, Mas Pais alderdia sortu zuen.
Alderdi barruan izan ditu arazoak, baina baita kanpoan ere. Irene Montero bikotekidearekin batera erosi zuen txaletak zeresan handia eman zuen. Testuinguru horretan, Podemoseko militanteen artean kontsulta egin zuten Pablo Iglesiasen buruzagitza berresteko.
2019ko hauteskunde orokorretan Unidas Podemosek 3,7 milioi boto eta 42 diputatu lortu zituen, 1,5 milioi boto gutxiago eta 29 diputatu gutxiago.
Hauteskunde errepikapenaren ostean, 35 diputatu eta 3,5 milioi boto eskuratu zituen. Emaitza horiekin, gobernu koalizioa osatu zuen PSOErekin, eta Espainiako Gobernuko presidenteorde bihurtu zen.
2021eko martxoaren 15ean iragarri zuen Espainiako Gobernua utzi eta maiatzaren 4ko hauteskundeetara aurkeztuko zela Madrilgo Erkidegoan. Madrilgo Erkidegoan Unidas Podemosen datuak hobetu baditu ere, 261.000 botorekin eta 10 diputaturekin, bosgarren indarra izan da PP, PSOE, Mas Madrid eta Voxen atzetik.
Maiatzaren 4ko hauteskunde gauean bertan iragarri du Pablo Iglesiasek politikagintzan dituen ardura guztiak utziko dituela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa