01:10

Politika

Madrilgo hauteskundeak

Ayuso nabarmen gailendu da Madrilgo bozetan, baina Voxen babesari esker aginduko du

eitb media

PPren hautagaiak aurreko legegintzaldiko eserlekuak bikoiztuko ditu, eta Voxek inbestidura erraztuko duela hitzeman du. Mas Madridek aurrea hartu dio PSOEri, eta Unidas Podemos apur bat igo da.

13:56
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Isabel Diaz Ayuso PPren hautagaiak garaipen zabala lortu du Madrilgo Erkidegoko hauteskundeetan, eta Voxen babesarekin (dagoeneko iragarri du inbestidura erraztuko diola) berriro izango da presidente, ezustekorik ezean.

Botoen % 99,73 zenbatuta, Ayusok 65 eserleku lortu ditu (69 behar dira gehiengo osoa izateko), Voxek 13, Mas Madridek 24, PSOEk 24 eta Unidas Podemosek 10. Ciudadanos Parlamentutik kanpo geratuko da.

Ayusok ezkerreko blokeak (PSOE, Mas Madrid eta Unidas Podemos) baino babes handiagoa lortu du, bai eserlekuetan, bai botoetan. Bestalde, Mas Madridek aurrea hartu dio PSOEri.

Azkenik, Vox ia berdin geratu da (eserleku bat gehiago), eta Unidas Podemos 7tik 10era igo da.

Parte-hartzea inoizko altuena izan da, % 76,25ekoa, pandemia betean eta lanegun batean izan den arren. 2019ko hauteskundeen aldean % 12koa izan da igoera, eta gaurdaino altuena zen 1995eko hauteskundeetakoa baino % 6 altuagoa.

Boto-emaile horietatik, 10etik lauk baino gehiagok (% 44) Ayusori eman diote botoa, % 17k Monica Garciari (Mas Madrid), % 17k Angel Gabilondori (PSOE), % 9k Rocio Monasteriori (Vox) eta % 7k Pablo Iglesiasi (Unidas Podemos).

Aurreko hauteskundeetan, 2019an, PPk 30 eserleku lortu zituen (+35), PSOEk 37 (-13), Mas Madridek 20 (+4), Voxek 12 (+1), Unidas Podemosek 7 (+3) eta Ciudadanosek 26 (-26).

Adierazpenak

Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidente eta PPren hautagaiak esan duenez, "askatasunak berriro ere arrakasta izan du Madrilen".

"Espainia beste gauza bat da, Sanchez jauna. Espainia Madrilen hasi zen. Madril Espainia dela esaten dugunean, hemen txoko bakoitzeko onena bakean eta askatasunean bizitzera datorrelako da", esan du, hunkituta, PPren egoitzan, Genova kalean, Pablo Casado alderdiko presidentea ondoan zuela, ehunka lagunen aurrean.

Ayusok aldarrikatu du "sanchismoak" ez duela ulertu erkidegoan dagoen "askatasuna", ezta "madrildarraren bizimodua" ere.

Madrilgo presidentearen ustez, botereen banaketak eta "hipokresiaz Moncloatik gobernatzeko modua amaitzear da".

Monica Garcia Madrilgo hauteskunde autonomikoetarako Mas Madrid alderdiko hautagaiak hartu du Isabel Diaz Ayusoren PPren oposizioaren gidaritza, PSOE botoetan gainditu ostean, "erkidegoan alternatiba eta aldaketa zuzenduko duen indar politikoa izateko konpromisoa eta erantzukizuna" bere gain hartuta.

"Gaur gauean agerian geratu da espazio politiko berdea, feminista eta madrildarra dagoela, eta ez dela soilik bere horretan geratzen, hazteko tarte handia baitu", adierazi du Garciak hedabideen aurrean, eta "bi urte barru egingo diren hauteskundeetarako atzera-kontua hasi da", iragarri du.

Angel Gabilondo Madrilgo Autonomia Erkidegorako PSOEren hautagaiak emaitzak jakin ostean aitortu duenez, "ez dut lortu eztabaida sosegatu baterako espazioak irekitzea".

Hala esan die kazetariei, bere hautagaitzako eta PSOEko exekutiboko kideak aldamenean zituela, PSOEk Madrilen inoiz izan duen emaitzarik txarrenaren berri izan eta gero.

"Ni ez naiz gai izan eztabaida lasai baterako espazio horiek irekitzeko, eta ez dut inoren aurka egingo horrela izan delako", esan du.

Rocio Monasterio Vox alderdiko hautagaiak iragarri duenez, gobernatzeko Voxen botoak beharko dituztela azpimarratu du.

"Espainia osorako norabide aldaketa baten hasiera da. Ezkerra gelditzeko esan genuena bete dugu", adierazi du Monasteriok.

Halaber, datozen egunetan Madrilgo Erkidegoan Isabel Diaz Ayuso presidente izendatzea erraztuko dutela gaineratu du.

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak politikagintzan dituen ardura guztiak uztea erabaki duela jakinarazi du emaitzak jakin ostean.

"Ez dut jende gehiago erakartzen laguntzen. Demokraziaren aurkako instintu makurrena mobilizatzen duen pertsona bihurtu naiz", azaldu du agerraldi batean.

Bestalde, Edmundo Bal Ciudadanos alderdiko hautagaiak esan duenez, nahiz eta alderdi laranjak "emaitza kaskarra" lortu Madrilgo hauteskundeetan (Asanbleatik kanpo geratu da), bihar proiektu horren alde lan egiten jarraituko dute eta "muturren eta polarizazioaren antidotoa" izaten jarraituko dute.

"Ez dugu jakin jendeari zentro politikoaren erabilgarritasuna azaltzen", onartu du Balek, alderdi laranjak hauteskundeetan izandako porrotaren ostean egindako agerraldian; izan ere, 26 eserleku zituen, eta orain ez da % 5era ere iritsi.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena