19:07

Politika

Alarma-egoera

Urkulluk dekretu berria onartuko du ostiralean alarma egoerarik ez dagoenerako

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Dekretu berria maiatzaren 10ean sartuko litzateke indarrean, eta lau eta sei aste arteko indarraldia izango luke.

2:0
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ziurgabetasuna da aste honetan eta maiatzaren 9tik aurrera zer gertatuko ote den zehazteko hitza; izan ere, Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera uztea aurreikusten du. Hortaz, 2020ko martxoaren 14a baino lehenagoko egoera juridikora itzuliko gara? Zer ondorio politiko izango dituzte astearte honetako Madrilgo Erkidegoko hauteskundeek?

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, Espainiako Gobernuak maiatzaren 9tik aurrera alarma-egoera ez luzatzeko erabakia berriro aztertzen ez badu, datorren ostiralean neurri prebentiboak egokitzeko dekretua sinatuko du, tresna juridiko hori bertan behera geratzen denean sortuko den egoera berrira egokitzeko.

Urkulluk azaldu duenez, egoera epidemiologikoan aldaketarik ez badago, dekretu horrek egungo murrizketei eutsiko die, baina beti Eusko Jaurlaritzak duen "gaitasunen barruan", alarma-egoeraren estaldura juridikoa galdu ostean.

Urkulluren esanetan, dekretu berriak kutsatzeak saihesteko "eraginkortzat" jotzen diren neurriak jasoko lituzke, eta lau eta sei aste arteko indarraldia izango luke.

Era horretako testu bat sinatzea lehendakariari berari dagokion arren, Urkulluk azaldu du, pandemiaren aurkako gainerako neurriei buruzko dekretuekin egin duen bezala, erabakia Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordean ordezkatuta dauden gainerako erakundeekin "partekatuko" duela.

Nolanahi ere, lehendakariak berriro eskatu du alarma-egoera luzatzea, eta, Sanchezen Gobernuaren balizko jarrera aldaketa baten harira, gogorarazi du maiatzaren 9ra arte oraindik egun batzuk falta direla, eta, beraz, "zain" dagoela.

Espainiako Gobernuaren asmoa laster lege dekretu bat onartzea da, maiatzaren 9tik aurrera ministerioen ustez mantentzen jarraitu behar diren murrizketei jarraipena emateko. Dena dela, neurri horiek ez dute alarma-egoerak indarrean jarraitzea behar, ez baitute zerikusirik oinarrizko eskubideen murrizketarekin.

Espainiako Osasun Ministerioa, esaterako, Errege Dekretu bat izapidetzen hasi da, covid-19aren aurkako autodiagnostikoko testak, hau da, antigenoak edo antigorputzak, farmazietan saldu ahal izateko, errezetarik behar izan gabe.

Gainera, Espainiako Gobernua lanean ari da ziurtagiri berde digitala martxan jartzeko, uda honetan Espainian mugikortasuna errazteko. Hala ere, Carolina Darias Osasun ministroak adierazi duenez, Espainiak "egoera epidemiologiko ona" izan behar du horretarako, eta txertoekin "nahikoa ez" dela adierazi du; hori dela eta, norbera babesteko neurriak zorrozten jarraitzearen garrantzia azpimarratu du.

Adituek ohartarazi dutenez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuko neurriek, mugikortasunaren murrizketek, gaueko konfinamenduek edo perimetroko itxierek ez dute eraginik izango alarma-egoera desagertzen denean.

Hala ere, Espainiako Gobernuak adierazi du, murrizketa horiek alde batera utzita, autonomia-erkidegoek nahikoa eskumen eta tresna dituztela koronabirusaren transmisioa kontrolatzeko, eta beren eskumenen barruan jardun dezaketela ordutegiak murriztuta, eta, herriren batean koronabirusak oso infekzio handia izanez gero, perimetroan ixtea eska dezaketela, babes judizialarekin.

Elkarrekin Podemos-IUk Jaurlaritzaren "gardentasun eza" kritikatu du

Bestalde, dekretu berria lantzerakoan, Eusko Jaurlaritza "gardentasunik gabe" jokatzen ari dela salatu du Elkarrekin Podemos-IUk.  

"Kezkatuta gaude beste behin ere komunikabideen bidez jakin dugulako Eusko Jaurlaritzaren asmoen berri. Gardentasunik gabe eta opakutasunez jarduten ari dira", kritikatu dute ohar bidez.

Horrelako dekretu garrantzitsuak gainerako talde politikoekin adostuta onartu behar direla azpimarratu dute. "Baina Eusko Jaurlaritzak nahiago izan du bidea bakarrik egitea. Zorrotz irakurriko dugu dekretua eta ondoren gure iritzia helaraziko diogu", erantsi dute.

Edonola ere, Elkarrekin Podemos-IUk nabarmendu du dekretuak onartzeaz gain, bestelako neurriak ere har daitezkeela pandemiari aurre egiteko, hala nola "Osakidetzako lantaldea indartzea, larrialdi egoera honetan kalitatez eta duintasunez erantzun ahal izateko".

PPk lehendakariaren agerraldia eskatu du

Bestalde, Carmelo Barrio PP+Cs talde parlamentarioaren bozeramailearen ustez, Iñigo Urkullu lehendakariak bere kabuz agerraldia egin beharko luke aste honetan Legebiltzarrean, maiatzaren 9tik aurrera zer gertatuko den azaltzeko.

"Bihar Gobernu bilera dauka eta ostegunean osoko bilkura bat egongo da. Hor dauka aukera agerraldia egiteko eta herritarrek, ostalariek edota dendariek jakin nahi dutena argitzeko: zer gertatuko da etxeratze aginduarekin, mugikortasuna murrizteko neurriekin eta gainerako murrizketekin?", erantsi du.

Halaber, joan den astean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari alarma-egoera luza zezan eskatuz igorri zion gutunaren kontua nola bukatu den argitu behar duela esan dio lehendakariari.  

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena