Politika
HAUTESKUNDEAK
O. A. | EITB MEDIA
Isabel Diaz Ayuso hautagai popularra jotzen dute irabazteko faborito, baina ez dakite bozak lanegun batean egiteak parte-hartzeari nola eragingo dion.
Madrilgo hauteskundeetarako boto paperak. Argazkia: EFE
Hauteskunde kanpaina amaitu ostean, gogoeta izan zuten atzo Madrilgo Erkidegoan. Gaurko hauteskundeetan, 5,1 milioi herritar daude botoa ematera deituta. Inkesta guztiek Isabel Diaz Ayuso hautagai popularra jotzen dute irabazteko faborito, baina ikusteko dago bozak lanegun batean egiteak parte-hartzeari nola eragingo dion.
Proposamen gutxiko eta tentsio handiko kanpaina izan da. Konfrontazioak nabarmen egin du gora Pablo Iglesias Unidas Podemoseko hautagaiak eta Espainiako Gobernuko beste kide batzuek mehatxu gutunak jaso ostean. Geroago, Isabel Diaz Ayuso hautagaiari ere gisa bereko gutun bat bidali zioten.
Martxoaren 10ean hasi zen guztia. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak hauteskundeak aurreratzeko erabakia iragarri zuen, Murtzian PSOEk eta Ciudadanosek, PPri boterea kentzeko asmoz, zentsura-mozioa aurkeztu ondoren.
Madrilen antzeko zerbait gerta zitekeen beldur, gertakizunei aurrea hartu eta maiatzaren 4rako hauteskundeak deitzea erabaki zuen.
Pablo Iglesiasek Espainiako Gobernua utzi eta Madrilgo hauteskundeetan Unidas Podemosen hautagai izateko erabakia mugarri izan zen. "Sozialismoa edo askatasuna" leloa "Komunismoa edo askatasuna" bihurtu zuen orduan Ayusok.
Mehatxu gutunak ere beste mugarri bat izan ziren. Martxoaren 22an Pablo Iglesias hautagaiak eta Espainiako Gobernuko kide batzuek bala kartutxoak jaso zituzten. Giroa are gehiago gaiztotu zen Rocio Monasterio Voxeko hautagaiak mehatxu horien sinesgarritasuna zalantzan jarri ostean. Egun batzuk geroago, Isabel Diaz Ayuso presidenteagaiari zuzendatutako gisa bereko gutun bat hauteman zuten.
Beraz, proposamen gutxi eta zarata asko. Angel Gabilondo hautagai sozialistak, bestalde, maiatzaren 4tik aurrera itunak egiteko gonbita egin zion Pablo Iglesiasi. Aurrez, Monica Garcia Mas Madrideko hautagaiak Unidas Podemosekin hautagaitza bateratua aurkezteko proposamena baztertu zuen. Ciudadanosek (PPren gobernukidea izan da), berriz, beherakada nabarmena izango du, aurreikuspenen arabera.
Inkesten arabera, boto-emaileen % 20k ez dute oraindik erabaki botoa nori emango dioten. Itxuraz, eserleku gutxiren aldearekin erabakiko da hurrengo presidentea.
Azken erabakia botoa emateko eskubidea duten 5.112.658 madrildarrek izango dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa