Politika
Gernikako Estatutua
EITB MEDIA
Josu Erkoreka lehendakariordeak azpimarratu du kartzelen kudeaketa eskualdatu arren, espetxe-politikak Espainiako Barne Ministerioaren ardura izaten jarraitzen duela.
Albisteak (2)
Josu Erkoreka lehen lehendakariordeak adierazi du Euskadi prest dagoela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeak eredu propio batekin kudeatzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa egin dute Gernikako Estatutuko lau transferentzia eskualdatzeko: Zaballako, Martuteneko eta Basauriko espetxeen, errepideko garraioaren, Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eta ISSN kode bibliografikoaren kudeaketa.
Lau eskuduntza horiek ofizialki eskualdatzeko Batzorde Mistoaren bilera maiatzaren 10ean egingo dute eta espetxeen kudeaketa urriaren 1ean geratuko da Eusko Jaurlaritzaren esku.
Josu Erkorekak eta Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin dute arratsalde honetan Lehendakaritzan, itunaren xehetasunak azaltzeko.
Garamendik esan du akordioa "aurrerapauso handia" dela autogobernuaren bidean eta espetxeen kudeaketa eskualdatu izanak zer esan nahi duen zehaztu du: "Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du kartzelen antolamendurako, araubiderako eta funtzionamendurako eskumen esklusiboa".
Erkorekak eskuduntza horren "garrantzia politikoa" nabarmendu du, eta erantsi du Eusko Jaurlaritzaren eredua "berreziketan, sozializazioan eta gizarteratzean" oinarrituko dela.
Legediak Estatuaren esku segituko badu ere, Eusko Jaurlaritzak "izaera propioa emango dio kartzelen kudeaketari, "legeari leialtasunez".
Alderdi politiko batzuek, tartean PPk, eskualdaketa hau euskal presoei mesede egiteko baliatu daitekeela adierazi dutela eta, Erkorekak azpimarratu du ez dagoela inolako arrazoirik jarduera irregularrak egon daitezkeela pentsatzeko.
Horrez gain, espetxeen kudeaketaren eskualdatzea eta Espainiako Gobernuak astero iragartzen dituen presoen hurbilketak lotu ezin daitezkeela esan du, "lekualdatze horiek Estatuko Espetxe Zuzendaritzak agintzen dituelako".
"Espetxeetako funtzionarioak Estatuaren menpe egon diren bitartean, ez dute inolako kexarik izan, eta orain Eusko Jaurlaritzaren ardurapean egongo direnean mesfidati agertu dira, horretarako arrazoirik ez dagoenean", erantsi du Alderdi Popularraren kritikei erantzunez.
Hori bai, Erkorekak esan du gerta daitekeela legea "modu ezberdin batean" aplikatzea aurrerantzean. "Lege bera modu ezberdinetan aplikatu daiteke. Hala izan da historikoki eta hala geratzen da egunerokoan, baita ardura erakunde berarena izanda ere. Beraz, badugu marjina politika propioak egiteko espetxeen kudeaketan, betiere legea eta haren oinarriak eta printzipioak errespetatuta", zehaztu du.
Bestalde, ituna "oso garrantzitsua" dela eta Eusko Jaurlaritzak adostasunaren bidetik jarraituko duela esan du, "historikoki hala egin dugulako eta eredu arrakastatsua delako".
Hala, elkarrizketaren bidetik, Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua betetzeko itunak negoziatzen segituko duela agindu du.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko akordiorik ez
Bestalde, maiatzaren 10eko bileraren aurretik eskuduntza gehiago adosteko aukerarik ote dagoen galdetuta, Garamendik esan du lanean segituko dutela falta diren transferentziak Eusko Jaurlaritzaren esku gera daitezen.
"Gu ilusio eta exijentzia berdinarekin ari gara lanean. Lau eskuduntza garrantzitsu lortu ditugu, baina horrek ez du esan nahi lana amaitu dugunik", adierazi du.
Hala ere, Garamendik zehaztu du denbora tarte horretan ez dela bestelako itunik espero eta aitortu du bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketaren eskualdatzea atzeratu egingo dela.
"Ikuspuntu teknikotik zailtasun asko izaten ari gara eta diru-sarrerak bermatzeko errentarekin integratzea lortu behar dugu", azaldu du atzerapena justifikatzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa