16:08

Politika

Katalunia

Aragonesen inbestidurak porrot egin du berriro, JxCaten abstentzioa dela eta

agentziak | eitb media

Ostiraleko bozketan jaso zuen emaitza bera izan du, eta orduan bi hilabeteko epea jarri zen abian presidente berria aukeratzeko. ERCk eta JxCatek negoziazioak bizkortu beharko dituzte.

  • Pere Aragones ERCren Generalitaterako presidentegaia. Argazkia: Efe

    Pere Aragones ERCren Generalitaterako presidentegaia. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pere Aragones ERCren Generalitaterako presidentegaiak ez du inbestidura lortzeko nahikoa babes eskuratu gaurko bozketan ere, eta bere alderdiaren eta CUPen 42 botoekin gehiengo osotik (68) urrun geratu da, JxCatek berriro abstenitzea erabaki baitu.

Aurreko ostiralean inbestiduraren lehenengo saioak huts egin ostean, gaur bigarren bozketa egin dute: ERCren eta CUPen 42 baiezko botoen aurka, PSCk, Voxek, En Comu Podemek, Ciudadanosek eta PPCk ezezko 61 boto eman dituzte, eta JxCateko 32 ordezkariak abstenitu egin dira.

Orain, Laura Borras Parlamenteko presidenteak beste bilera sorta bat egingo du ganberako buruzagi politikoekin inbestidurarako beste hautagai bat proposatu aurretik. Aragonesek bere burua aurkeztuko du berriro, JxCatekoak bere alde mobilizatzea espero baitu.

Ostiraleko porrotarekin, bi hilabeteko epea jarri zen abian presidente berria aukeratzeko, eta tarte horretan ERCk eta JxCatek negoziazioak bizkortu beharko dituzte, inbestidurarik ezean, maiatzaren 26an hauteskundeak automatikoki deituko dituztelako uztailerako. 

Bost ordu eskasean egindako gaurko saioa Aragonesen hitzaldiarekin hasi da, eta JxCati eta Carles Puigdemont presidente ohiari ohartarazi die inbestidura lortuz gero, "tutoretzarik gabe" aginduko duela.

Aragonesek onartzen omen du independentismoaren "eremu guztiak aitortzea", bai Katalunian bai "erbestean", tartean Puigdemont buru duen Errepublikaren aldeko Kontseilua. Baina "Kataluniako erakundeen, Parlamentaren, Gobernuaren eta presidentearen, buruzagitzari balioa ematea" eskatu du.

Azpimarratu duenez, erakunde horiek "ordezkatu ezin den ardura" dute, eta hitz horiekin aldendu egin da Errepublikaren aldeko Kontseilutik eta Quim Torra presidente ohiak hasieran izan zuen jarreratik, Puigdmont aitortu baitzuen "presidente zilegi" gisa.

Aragonesen arabera, "ez dago nahikoa arrazoirik" JxCatek inbestidura ukatzen jarraitzeko. Horregatik, blokeoa ez dadila "mugagabea" izan exijitu dio.

Albert Batet JxCaten taldearen bozeramailea ezin izan da bertaratu, positibo batekin egoteagatik konfinatuta baitago, eta Gemma Geis diputatua izan da Aragonesi erantzun diona.

Geisek adierazi du JxCatek edo "erbesteak" ez diola Aragonesi "tutoretza" ezarriko presidente bada, eta akordiorako "prestutasuna" agertu du, Sergi Sabria ERCko diputatuak "aukera galdu" izana "larria" dela egotzi dion bitartean.

Bestalde, Salvador Illa PSCren Parlamenteko buruak aurreikusi du Aragones "Errepublikaren aldeko Kontseiluaren agindupean" egongo dela presidente hautatuz gero, eta gaineratu du "umiliazio baten biktima" izango dela, "Kataluniak Gobernu sendoa eta egonkorra" behar duenean.

Ignacio Garriga Voxen talde parlamentarioko presidenteak "Katalunia erreakzio nazionalaren buru" izatearen alde egin du, "eldarnio ideologikoen eta agenda apurtzailearen aurkako oposizio baten bidez".

Eulalia Reguant CUPek Parlamentuan duen bozeramaileak ERCri eta JxCati ohartarazi die euren esku dagoela legealdia ez dadila izan "jendeak Kataluniako Gobernuaren aurka egindako erasoa".

Jessica Albiach En Comu Podemek Kataluniako Parlamentuan duen buruak deitoratu duenez, "alderdiaren logikak jendearen beharrei gailentzen zaizkie", eta Junts eta ERC ez dira krisi sozial, ekonomiko eta sanitarioan tematzen, "boterearen" aldeko borroka alderdikoian baizik.

Carlos Carrizosa Ciudadanosen ordezkariak ohartarazi du JxCaten eta CUPen botoekin inbestitzen badute, "muturreko eskalada baten bahitua" izango dela Aragones.

Alejandro Fernandez PPCko presidenteak kritikatu egin du ERC eta Junts Errepublikaren aldeko Kontseiluaren inguruan eztabaidatzen ari direla, eta Puigdemontekin "zilbor-hestea hausteko garaia" dela esan die.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena