Politika
EH Bildu
EITB Media | Agentziak
Oskar Matute EH Bilduko diputatuak greban dauden langileak "eskualdeko etorkizunaren alde borrokan" eta "guztion duintasuna eta etorkizuna aldarrikatzen" ari direla esan du.
Okar Matute, Laudion (Araba). EITB Mediaren bideo bateko irudia
EH Bilduko diputatu Oskar Matutek Tubacexeko langileen aldarrikapenen alde egin du. Grebalariei esan dienez, "patronalaren interesen aurrean, etorkizuna eta duintasuna aldarrikatzen ari zarete", eta modu horretan Euskal Herriko langile guztientzat "erreferentea" direla esan du. Lan erregulazioko espedienteak kaltetutako langileei EH Bilduren "indarra, determinazioa eta bultzada" eskaini die "berriz onartutak izan daitezen".
"Eskualde honetan erakusten ari zareten duintasuna sugarra izan behar da Euskal Herriarentzat, ez baita izango mozkinak pertsonen bizitzen duintasunaren aurretik jartzen dituen lehenengo enpresa, ezta azkena ere", ohartarazi du.
Laudion (Araban) egindako adierazpenetan, EH Bilduren 10. urteurrenaren harira egindako erakusketa ibiltarian, Matutek Aiaran sufritzen ari diren enplegu krisia izan du hizpide. Valvospain enpresa itxi dute eta Tubacexen lan erregulazioko espedientea onartu dute, Laudion eta Murrion 129 langile kaleratuta.
Matutek nabarmendu duenez, azken egunetan Aiarako herrietan "beldurra eta kezka" dira nagusi Tubacexekin gertatzen ari denarekin, baina uste du enpresa horretako langileen aldarrikapenak "erreferente bat izaten ari dira Euskal Herriko langile guztientzat".
"Zuen borrokarekin erakusten ari zarete ez zaudela amore emateko prest, orainaldi hau baino grisagoa den etorkizun bat izateko prest, ez duzuelako onartzen zuen seme-alabek zuek bano bizitza okerragoa izatea, eta ez zaudetelako isiltzeko prest zuen bizitzek enpresarien mozkinek baino gutxiago balio dutela ikusten duzuenean", esan du.
"Enpresariek dirutza irabazi dezakete erruz, erruz dirua irabazten jarraitzeko erakunde publikoen laguntza izan dezakete, eta langileak kaleratzea erabakitzen dutenean beren mozkinak ez murrizteko, berriz botere publikoen laguntza dute langileak kolpez zapaltzeko", kritikatu du.
Tubacexeko langileei eta eskualdeko herritarrei esan die EH Bilduren "indarra, determinazioa eta bultzada" dutela "berriz onartuak izan daitezen eta norbaitek behingoz esateko, nola bizi behar garen erabaki duten horiei, gure bizitzak gureak direla eta geuk erabakiko dugula nola bizi nahi ditugun: kalitatezko lan duinarekin".
"Gure eskuan dagoen guztia egingo dugu zuek bakarrik eta abandonatuta ez sentitzeko, eta zure lanpostura itzultzeko, inork ez dizuelako ezer oparitzen, daukazuen guztia zuena baita", esan du.
Matutek nabarmendu duenez, EH Bildu "ez zuten gutxi batzuek pentsatu boterea lortzeko; jendearen, batez ere langile klasearen kezketatik, desiretatik, ametsetatik eta interesetatik jaiotzen bada soilik du zentzua".
"EH Bildu ez zen jaio Euskal Herriko alderdi politikoen konstelazioan sigla bat gehiago izateko; ez zen jaio soilik hauteskunde emaitza onak izaten saiatzeko; baizik eta langileen erreminta izateko, Euskal Herri librea eraikitzeko eta, batez ere, guztiontzako duina eta bizigarria den gizarte bat eraikitzeko", esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa