Politika
Naparraren desagertzea
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzak eta EHUk elkarlanean egindako txostenean nabarmentzen da ez zela nahikoa ikertu. Inork kasuari buruzko daturik izango balu, ikerketan laguntzeko eskatu dute.
Naparraren desagertzeari buruzko dokumentazioa jaso du familiak. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak eta EHUk Jose Miguel Etxeberria Naparraren desagerpenari buruzko dokumentazio guztia bildu eta haren senideen esku utzi dute asteazken honetan, Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna ospatzen dela baliatuta.
Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izan zen eta 1980an desagertu zen Ipar Euskal Herrian. Gaur familiari entregatu dioten txostena EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak egin du. Gertakarien deskribapena, analisi juridikoa eta auzi honek nazioarteko zuzenbidean izan dezakeen ibilbidea jasotzen dira bertan.
Dokumentua aurkezteko ekitaldian Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria, Bertha Gaztelumendi eta Jon-Mirena Landa txostenaren egileak eta Eneko Etxeberria –Naparraren anaia– izan dira.
Hernandok esan du dokumentu hori ikerketan laguntzeko eta kasua argitzeko tresna izateko asmoz landu dutela.
Gertatutakoa "bidegabea" izan zela eta Etxeberriaren sendiak aitortza politikoa eta soziala behar duela adierazi du, "aitortza hori berandu iritsi bada ere".
Eusko Jaurlaritzak eta EHUk lan honen bidez "egia ezagutzen lagundu" nahi dutela azpimarratu du Hernandok. Halaber, biktimak babesteko eta giza eskubideak aldarrikatzeko konpromisoa berretsi du.
Ildo horretan, inork kasu honi buruzko daturik izango balu, modu anonimoan bada ere, informazioa helarazteko eta ikerketan laguntzeko deia egin du.
Bestalde, Jon-Mirenak gogora ekarri du Naparra auzian bi hipotesi izan zirela: alde batetik, Batallon Vasco Español talde terroristak hil zuela –bost aldiz aldarrikatu zuten haren bahiketa eta hilketa–; bestetik, Komando Autonomo Antikapitalisten baitako kontu garbitze bat izatea.
Ikerketan hasieratik ez zela nahikoa egin eta bigarren hipotesiaren alde oinarririk gabe egin zutela kritikatu du.
1999an, familiak jarritako helegite baten ondorioz, auzia berriro ireki zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, "baina epaileak ez zuen jarrera aktiboa izan eta hainbat diligentzia egiteari uko egin zion", gogoratu du Mirenak.
Ismael Moreno epaileak kasua artxibatu zuen 2004an, baina bi urte geroago berriro ireki zuten, familiak datu berriak aurkeztu eta gero: gorpua Mont-de-Marsan inguruan lurperatuta egon zitekeela erakusten zuten informazioa bildu zuten.
Paco Etxeberria forentseak hilotza bi tokitan egon zitekeela zehaztu zuen, baina horietako batean ehortzi izanari aukera gehiago eman zion.
Bilaketa lanak 2017an hasi zituzten. Aipatzekoa da Etxeberriak aukera gutxiago emaniko tokitik hasi zirela bilatzen. Ez zuten arrastorik topatu eta senideek beste helegite bat aurkeztu zuen, bigarren gunean bilatzeko eskatuz. 2018an izan zen hori, eta harrezkero ez dute berririk jaso.
Eneko Etxeberriak EHUk eta Eusko Jaurlaritzak egindako lana eskertu du, eta salatu du ez dagoela borondate politikorik bere anaiaren kasua eta antzeko beste asko argitara ateratzeko.
Horrela, bada, ezinbestekotzat jo du 1968ko sekretu ofizialen legea erreformatzea. "Herri honetan gertatu den guztia eta oraindik ezkutuan gordetzen dena jakiteko, bizikidetza eraikitzeko eta, iragana ahaztu gabe, etorkizunari begiratzeko", nabarmendu du.
Naparraren kasua Nazio Batuen Erakundera iritsi zen 2014an, baina bost urte geroago informazio nahikorik ez zutela ebatzi zuten. Aurrerantzean ikerketarekin jarraituko dute, Eusko Jaurlaritzak dokumentazio osatua bidali ostean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa