17:42

Politika

BIGARREN BILERA SORTA

Jaurlaritzaren gehiengo osoa etengabe inposatzea leporatu dio Iturgaizek Urkulluri

EITB MEDIA

Bigarren bilera-sortari PP+Cs-rekin ekin dio lehendakariak. Asteazken honetan, berriz, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin bilduko da. Voxek bilerara ez joatea erabaki du.

0:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carlos Iturgaiz PP+Cs-en Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzak duen gehiengo osoa etengabe inposatzea leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta bere taldearen jokabidea "oposizio eraikitzailea" egitea izango dela helarazi omen dio.

Iturgaizek agerraldia egin du bileraren ostean, eta "adeitsua" izan dela esan du. Hala ere, euskal herritarren benetako arazoei irtenbidea ematerako garaian Jaurlaritza "trabatuta" dagoela adierazi dio Urkulluri.

Osasun krisiaren kudeaketari dagokionez, Iturgaizek lehendakariari esan omen dio kezkatuta dagoela txertaketarekin, EAE "atzean baino atzerago" dagoelako prozesu horretan.

Era berean, ekonomia arloan "gainbehera" atzematen duela esan dio, eta Espainiako Gobernuan ere badauden kideei egotzi die "kudeaketa txarra", ostalaritzaren aldeko aldarrikapenei jaramonik ez egitea eta sektore hori egitea osasun egoeraren errudun.

Iturgaizek gaineratu du puntu txarrak atzematez gain, ekarpenak egiteko bertaratu dela batzarrean, eta Urkulluri paperean eman dizkiola aurtengo aurrekontuei aurkeztutako 840 zuzenketak, atzera bota zituztenak.

Oposizioarekin dituen zubiei eutsi nahi die Urkulluk

Iñigo Urkullu lehendakariak, bigarren bilera-sortarekin, oposizioarekin dituen zubiak indartu nahi ditu, Legebiltzarrean dauden alderdietako buruzagi politikoekin "harreman diskretua eta konfiantzazkoa" izateko.

Lehendakariak astearte honetan hasi ditu bilerak, lehenengoa PP+Cs-rekin, eta bihar EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin bilduko da. Amaia Martinez Voxeko bozeramaileak uko egin dio bilera horretara joateari; izan ere, bere ustetan, hainbat alderdik, tartean EAJk, "babes-hesia" ezarri diote Jaurlaritzan bere alderdiari.

Eusko Jaurlaritzaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Bingen Zupiria bozeramaileak azpimarratu duenez, "komunikazioa izateko, hitz egiteko eta entzuteko prest dauden bi alde behar dira". "Batek nahi ez badu, ezinezkoa da komunikazioa", gaineratu du.

"75eko pertsona da", esan du Legebiltzarreko osaketari erreferentzia eginez. "74 geratzen zaizkigu elkarrizketan eta akordioan sakontzeko", azpimarratu du bozeramaileak, eta bilera hauekin lehendakariak euskal erakundeetan "ia alderdi guztiek" akordioak lortzeko eta erabakiak hartzeko "egin den eta egiten den esfortzu handiari" balioa eman nahi diola azaldu du.

Ildo horretan, EAJk eta PSE-EEk koalizioan gobernatzen duten euskal eszenatokia eta beste autonomia erkidego batzuetan dagoen egoera politiko ezegonkorra kontrajarri ditu.

Zupiriak esan du lehendakariak uste duela "buruzagi politikoen artean harreman diskretua eta konfiantzazkoa izateko funtsezkoa dela elkarren arteko zubiei eustea" giro politiko egonkorra izateko.

Gaur hasi dena Urkulluk euskal alderdiekin izango duen bigarren bilera-sorta da, azaroan egin zuten bileraren ostean.

Lehenengoan, lehendakariak dokumentu bat eman zien alderdi guztiei, bere Gobernuaren programaren (EAJ-PSE-EE koalizioa) eta alderdi bakoitzak uztailaren 12ko hauteskunde autonomikoetara aurkeztu zuenaren artean egon daitezkeen akordio esparruak jasotzen zituena.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena