Politika
MADRILGO GOBERNUA
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Madrilgo Auzitegi Nagusiak uste du Ayusok sinatutako dekretua ezin dela "kolokan jarri" ondorengo zentsura mozioengatik. Helegitea jar daiteke Auzitegi Gorenean.
La presidenta de la Comunidad de Madrid, Isabel Díaz Ayuso. Foto: EFE
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat eman du Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak maiatzaren 4rako hauteskundeak deitu izana. Auzitegiaren iritziz, dekretuaren ondoren zentsura mozioak aurkeztu izanak ez du "kolokan" jartzen Diaz Ayusok sinatutako dekretuaren "baliozkotasuna eta eraginkortasuna".
Horrela, bi eguneko eztabaidaren ostean, Madrilgo Parlamentuko abokatuek Ganbera bera desegiteko eta hauteskundeak deitzeko dekretuaren aurka eskatutako kautelazko neurriak atzera bota dituzte epaileek.
Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa jar daiteke orain. Madrilgo Auzitegi Nagusiaren autoaren arabera, Autonomia Estatutuaren 21. artikuluaren eta 5/1990 Legearen 1.1 artikuluaren hitzez hitzeko interpretazio batek aukera ematen dio Madrilgo Erkidegoko presidenteari, "aringarririk gabe eta dekretu baten bidez eta gainerako baldintzekin hori egitera behartuta egon arren, Madrilgo Ganbera aldez aurretik desegitea erabakitzeko".
Eta ahalmen hori "balio osoz gauzatuta" geratzen da Diaz Ayusok desegite-dekretua sinatu zuen unetik, "horrek eragozten ez duelarik hauteskunde-deialdiaren eraginkortasuna Dekretua Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren hedatzea".
Dekretua sinatu eta minutu gutxira, PSOEk eta Mas Madridek zentsura-mozio bana erregistratu zuten Ayusoren aurka, eta Madrilgo Parlamentuko Mahaiak onartu egin zituen, organo horretako kide gehienek uste baitzuten dekretua ez zegoela indarrean, Madrilgo Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu ez zelako. Hori dela eta, Mahaiak helegitea aurkeztu zuen ostiralean, dekretuaren aurkako kautelazko neurriak eskatuz Auzitegi Nagusian, Autonomia Estatutuak zentsura-mozioa izapidetzen ari den bitartean hauteskundeak deitzea onartzen ez duelako. Justiziak atzera bota du, ordea, argudio hori.
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko epaileentzat dekretuak bi erabaki ezberdin aipatzen ditu: Ganbera edo Parlamentua desegitea eta hauteskundeak deitzea. Bigarren hori da Madrilgo Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dena, indarrean sartu eta hurrengo egunean, "behar bezalako publizitatea eginez eta hauteskunde-prozedurari eta haren ondorengo izapideei hasiera emanez".
"Hala, argi eta garbi bereizten dira ebazpen berean hartutako bi erabakiak, eta hauteskunde-deialdiaren eraginkortasuna bakarrik atzeratzen da argitaratzen den egunera arte; lehenengoak eduki politiko argia baitu, eta azken horrek izaera arautua".
Horrenbestez, Ayusok martxoaren 10eko 12:25ean "hauteskunde-araudi autonomikoak eskatzen dituen baldintza guztiak" betez sinatu zuenez dekretua, "ezingo litzateke inolako debekurik ezarri" dio Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak. Izan ere, data horretan eta ordu horretan ez zegoen izapidetuta zentsura moziorik: bat 13:03an iritsi zen eta bestea 13:07an.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa